BILBO. Gaur, abenduak 7, astelehena, hasi egin dira Orozkotik Gallartu auzora doan BI-3513 errepidearen zatia konpontzeko lanak. Bizkaiko Foru Aldundiak 705.601 euroko aurrekontua bideratuko du, eta errepidearen zati horren funtzionaltasuna hobetzea izango da obren helburua.

25+340 kilometro-puntuaren eta 29+300 kilometro-puntuaren artean, BI-4514 errepidearekiko bidegurutzearen hasieran, 3,96 kilometroko lehen zatian hasitako obrak 305.058 euroko inbertsioa izan du, eta 2020ko urriaren 30ean amaitu zen.

29+300 kilometro-puntutik 32+000 kilometro-puntura bitarteko 2,7 kilometroko bigarren zatiko jarduketa, BI-4514 errepidearekiko bidegurutzearen eta Gallartu auzoaren artekoa, 2021eko apirilean egingo da, eta 400.543 euroko inbertsioa beharko du.

Jarduketaren helburua da bide-zoruaren baldintzak hobetzea, drainatzea hobetzea eta modernizatzea, galtzadan urik egon ez dadin, errepidean seinale hobeak jartzea eta ibilgailuei behar bezala eusten zaiela bermatzea. Horregatik, hormigoizko areka bat eta zeharkako drainatze-areka bat eraikitzeko lanak egingo dira, ibilgailuei eusteko sistema berriak jarriz eta seinale bertikalak hobetuz, 79 seinale berrituko direlarik.

Tokiko errepideen sarearen barruan dagoen BI-3513 errepideak 13,67 kilometroko luzera du, 25+340 eta 39+010 kilometro-puntuen artean, eta Orozko, Zeberio eta Artea udalerriak zeharkatzen ditu, Bikotx Gane mendatea ere zeharkatuz. Gainera, Jauregia, Lekunberri, Unibaso, Olarte, Gallartu, Lauroeta eta Ibarretxe auzoak komunikatzen ditu eta Urigoiti auzorako sarbidea ematen du.