- Koronabirusa dela eta, hainbat hilabetetan Urdaibai Bird Center itxi beharra izan zuten. Bisita presentzialik gabe, hala ere ekimen arrakastatsuak jarri dituzte martxan. Hauetako bat dira egunero egindako Urdaibaiko paduretako zuzeneko emanaldiak, "konfinamenduan zehar 180.000 bisitaritik gora izan" zituen. Normaltasuna berreskuratuta, egunerokotasunerako buelta "oso positiboa" izan dela azaldu dute zentroko arduradunek. Izan ere, "bisitarien fluxua handia izan" da azken egunotan.

Zabaldu zuten lehenengo asteburu honetan, "alarma egoeraren arin-tzearen hirugarren faseari dagozkion murrizketak direla eta, bisitari guztiak Euskal Autonomia Erkidegokoak ziren, eta hiru euskal hiriburuetatik etorritakoak izan dira bisitari gehienak". Beharrezko den moduan, "eskatutako segurtasun-neurri guztiak hartu ziren, gutxieneko distantziak, musukoak erabiltzea eta, oro har, higiene-neurri guztiak" betetzea.

Nazioarteko turismoari ateak itxita covid-19aren pandemiaren deseskalatze fasean, euskal jatorriko bisitariak hartu ditu Urdaibai Bird Centerrek. Egunotan "Wadden itsasotik etorri berriak ziren mokozabalak, murgilariak beren ahatetxoekin eta paduran finkatutako arrano arrantzale bikotea izan ziren egun polit hauetan hurreratu zitzaizkigun beste hegodun bisitariak".