José Rafael Pascual.Vilaplana zuzendari gonbidatu nagusiaren gidaritzapean arituko da igande honetan, apirilaren 19an, Bilboko Udal Musika Banda. Euskalduna Jauregiak jasoko du 'Musika-hareatzak' izeneko kontzertua, 12:00etatik aurrera. Muroko maisuarekin Sergio Carolino tubista portugaldarra ere arituko da bakarlari lanetan, Musikeneko ikasleekin lankidetzan.
Kontzertua
Programak estreinaldi bat, errepertorio garaikidea eta XX. mendeko klasiko handiak uztartzen dituen ibilbide musikal bat proposatzen du. Lehen zatian, Gabriel Erkorekak Bilboko Udal Musika Bandaren 130. urteurrena dela eta sortutako 'Arenal' lanaren estreinaldia izango da protagonista. Obrak nortasunari eta eraldaketari buruzko hausnarketa ozena proposatzen du, Areatza hiribilduan elkartzeko gune enblematiko gisa hartuta.
Ondoren, Salvador Brotonsen "Tuba Concerto op.154" interpretatuko da, instrumentu honen adierazpen eta teknika aukerak balioesten dituen obra, tinbro eta erritmo ñabarduretan aberatsa den idazkerarekin. Bandak Sérgio Carolino nazioarteko tubajole ospetsuaren parte-hartzea izango du, egungo musika panoramako figura nabarmenetakoa, bakarlari gisa egindako ibilbideagatik eta mundu osoko agertokietan egon izanagatik aitortua.
Kontzertuaren bigarren zatia Leonard Bernsteinen musikara bideratuta egongo da, bere sormen-unibertsoko bi obra adierazgarrirekin: Fancy Free balletaren “Danzón” eta West Side Storyren dantza sinfonikoak. Bandarako egokitutako bertsioetan interpretatuko dira, eta hizkuntza sinfonikoa, jazza eta hiri-erritmoak uztartuko dituzte.
Sarrerak
Hitzordua igande honetan izango da, apirilaren 19an, 12:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean. Sarrerak jauregiko leihatiletan, webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.
Denboraldiari apirilaren 26an emango zaio amaiera, “In modo di sátira” kontzertuarekin, Miquel Rodrigo i Tamarit gonbidatuaren zuzendaritzapean. Palau, Asins Arbó, Ives eta Shostakovichen lanek osatuko dute umore eta erritmoz beteriko programa satiriko eta zirikatzailea.