Datorren asteazkenean, martxoaren 25ean, Azkuna Zentroko Bastida aretoak Bilbao European Encounters-en 13. edizioaren barruan antolatutako 'Etxebizitzaren krisia, ongizate estatuaren krisia eta gizartearen haserreak' izeneko hitzaldia jasoko du.

Edizio berri honen helburu nagusia izango da etxebizitzaren problematikaren inguruko egungo egoeraren gako orokorrak ezagutu eta erronkak aztertzea; izan ere, dagoeneko etorkizunera begirako estrategien alde egitea beharrezkotzat ikusten da.

Ekitaldiaren antolatzaileentzat, "kezka handia dago etxebizitza eskuratzeko aukerari dagokionez, eta, zehazki, bereziki kaltetutako kolektiboetan duen inpaktuagatik eta inplikazioengatik, hala nola nahi ez den bakardadea pairatzeko joera handiena dutenengan; hala ere, diagnostiko bat izateaz gain, etorkizuneko ildoei buruz hitz egin nahi da da, etxebizitza eskuratzea bermatzeko eta garrantzi handiko eraldaketa soziala sortzeko".

Bilbao European Encounters topaguneak XIII. edizioa beteko du aurten, eta, foro horretan, etxebizitzaren inguruko kezkaren inguruan adituak diren pertsonen arteko lehenengo elkarrizketa-mahai bat eta hitzaldi nagusi bat planteatzen dira, ikuspegi akademikotik, eta, horren osagarri, bigarren elkarrizketa-mahai bat proposatzen da, gizarte-eragileak protagonista dituena eta etorkizunerako aukerak aztertuko dituena.

Nazioarteko topaketa hau erronka horien guztien inguruan eztabaidatzeko eta hausnartzeko gunea da. Horretarako, esparru akademikoko, erakunde publikoetako, gizarte zibileko eta enpresetako adituak biltzen dira, ikuspegiak eta konponbideak partekatzeko.

Bilbao European Encounters

Bilbao European Encounters 2013an sortu zen, Europar Batasunaren etorkizunari buruzko eztabaida aberasteko asmoz. Foro hori elkarrizketa-gune gisa finkatu da, non akademikoek eta adituek Europako desafio nagusiak aztertzen dituzten, herritarren parte-hartzea eta ideia-trukea sustatuz.

Hamabi ediziotan Europako hainbat erronkari heldu ondoren, aurten etxebizitzaren krisiarekin lotutako erronkei helduko zaie. Ekitaldiaren programa osoa doan egongo da eskuragarri webgune ofizialean.