Aurreko edizioak izandako harrera bikaina kontuan hartuta, Bilboko Udalak martxan jarri du bizikleta-prestakuntzako ikastaroen bigarren edizioa. Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak atzo ireki zuen izena emateko epea. Prestakuntza doakoa izango da, eta 16 urtetik gorakoentzat bideratuta dago. Prestakuntza hori Elorrietako Erriberan dagoen Bizitoki udal-espazioan ematen da.
Azken urtean, milatik gora pertsona izan dira bizikleta-mugikortasunarekin lotutako prestakuntza-jardueretan eta -programetan parte hartu dutenak, #BiziBilbaoBizikletaz kanpainaren esparruan.
Bi orduko saioak dira, maila eta ordutegi desberdinetan; emakumeentzako eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako ikastaro espezifikoak ere emango dira, eragozpen sozialak, fisikoak eta psikologikoak ezabatzeko helburuarekin.
Prestakuntza-eskaintza hainbat mailatan ematen da, eta saio praktikoak egiten dira hiriko zirkulazioari, beste garraiobide batzuekin bizitzeari eta bizikletaren gaineko autonomia eta konfiantza indartzeari begira.
Izena emateko, webgunea erabil daiteke. Bertan, tailerrei buruzko informazio guztia bildu ahal izango da, QR kode baten bidez.
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak Bizitoki espazioa bisitatu du, eta prestakuntza-esperientzia partekatu du beren-beregi emakumeentzako diseinatzen diren ikastaro bateko emakume-talde batekin.
Abetek gogorarazi duenez, "prestakuntza funtsezkoa da bizikleta benetako mugikortasun-aukera izan dadin Bilbon. Bizikletan gero eta pertsona gehiago seguru sentitzea nahi dugu beren egunerokotasunean txertatzeko, mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko beharrezkoa baita herritarrak laguntzea eta gaitzea”.
Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak, halaber, emakumeentzako antolatzen diren ikastaro espezifikoek duten garrantzia nabarmendu du, mugikortasunari ere eragiten dion genero-arrakala desagerrarazteko. "Emakumeak eta gizonak ez gara berdin mugitzen hirian. Emakumeak askoz ere modu jasangarriagoan mugitzen gara, baina oraindik ere gutxi dira bizikleta erabiltzen duten emakumeak, rol eta aurreiritzi jakin batzuen erruz”.
#BiziBilbaoBizikletaz kanpainaren bidez DBHko 1. mailatik 4. mailarainoko Bilboko ehunka ikasleri prestakuntza ematen zaie ("Bizikleta eskolan"). Ikasleen artean bizikletaren erabilera sustatzeko, prestakuntza jasotzen ari dira ikasleak beren ikastetxeetan.
#BiziBilbaoBizikletaz
Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak sustatutako #BiziBilbaoBizikletaz kanpainaren baitan egiten dira prestakuntza-saioak. Kanpaina horren bidez, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatu eta bultzatu nahi da, herritarren hainbat sektoreren prestakuntza-, informazio- eta sentsibilizazio-jardueren bidez, hirian modu arduratsu eta seguruan bizikletaz ibiltzeko.
Programaren barruan, besteak beste, honako ekimen eta jarduera hauek egingo dira: '30 egun bizikletaz'; 'Domeketan bizikletaz', Bilboko 8 barrutiak zeharkatuko dituen bizikleta-ibilaldiekin eta familia osoarentzako jarduerekin; bide-segurtasunari buruzko zirkuituak eta Bilbao Summit nazioarteko biltzarra, otsailean egin zena.
Domeketan bizikletaz
Uribarri, Ibaiondo, Deustu eta Begoñako barrutietan egin ondoren, 2026an 'Domeketan bizikletaz' hiriko gainerako auzo eta barrutietara zehar iritsiko da. Zehazki, maiatzean, jolas- eta jai-jardunaldi bat egingo da Otxarkoagan, Bizikleta Ibilbideak ekimenarekin lankidetzan.