Ostegun honetan arratsaldean, martxoaren 5ean, Bilboko Udalak bultzatutako Bilboko Eztabaida Ligaren lehenengo edizioko sariak banatu dira, udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako ekitaldi batean. Bertan izan da Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia.

I. Bilboko Eztabaida Ligako irabazlea Botikazar institutua izan da, eta bigarrena Unamuno, beste banakako sari batzuen artean.

Bilboko Unamuno, Botikazar eta Ibarrekolanda institutuetako 267 ikaslek hartu dute parte udal-programa honetan. Lehiaketa goizeko 08:30ean hasi daLa Perrera eraikinean. 10 gazte-talderen eztabaidagai izan da, oraingo honetan, teknologiak are gehiago polarizatzen duen gizartea.Finalari begira indarrak hartzeko, La Perrera eraikinean bazkaldu dute eta Udaleko osoko bilkuren aretora joan dira; arratsaldeko jarduna amaitzeko, Inunciaga zinegotziak sariak banatu ditu.

Helburuak

Bilboko Eztabaida Ligaren helburu nagusiak dira ikasleen pentsamendu kritikoa eta euskaraz argudiatzeko eta komunikatzeko gaitasuna sustatzea, bai eta iritzi-aniztasuna eta eztabaida eraikitzailea errespetatzea eta foroetako parte-hartzea dinamizatzea ere. Ekimen hau EHUko Eztabaida Elkartearekin lankidetzan egin da. Programaren planteamendua da ikasleei oratoriari eta komunikazioari buruzko hasierako prestakuntza ematea eta, ondorenEztabaida Ligan parte hartzeko aukera ematea.Lehenengo edizio honetan, 10 taldek eman dute izena ligan: talde bik Unamuno institutuan, lauk Botikazar institutuan eta lauk Ibarrekolandan.

Eztabaida-lehiaketarako, galdera bat hautatu da eta ikasleek horri buruzko eztabaida akademikoa zelan prestatu ikasi dute. Horretarako, informazioa bilatzen, argudioak eraikitzen eta kontrako argudioei erantzuten trebatu dira. Gainera, gaitasun hauek garatu dituzte: komunikazioa, entzute aktiboa, talde-lana eta lankidetza, pentsamendu kritikoa eta analitikoa, denboraren kudeaketa eta publikoaren aurrean hitz egiteko trebetasuna.

Bilboko Unamuno, Botikazar eta Ibarrekolanda institutuetako 267 ikaslek hartu dute parte udal-programa honetan. B. U.

Prestakuntza-saioak

Lau prestakuntza-saio jaso dituzte eta saio bakoitzean eduki desberdina jorratu da. Hala ere, saio guztietan ariketa praktiko bi egin dira ikasleek euskaraz jendaurrean hitz egiteko, beldurra galtzeko eta prestakuntza jasotzeko.

  • 1. saioa: Ahozkotasuna eta eztabaida akademikoa. Ahozkotasuna ariketa praktikoen bidez landu da eta hobetzeko oinarrizko jarraibideak eman dira (gorputz-hizkuntza, tonuaren erabilera, etab.). Era berean, eztabaida akademikoaren funtzionamendua zein den azaldu zaie.
  • 2. saioa: Argudioak eraikitzea. Argudio sendoak zelan eraiki azaldu zaie, BAEEen egitura erabiliz (baieztapena, arrazoiketa, ebidentzia, eragina). Ikasleek gai bati buruzko argudioak eman dituzte.
  • 3. saioa: Kontrako argudioak ematea. Kontra egiten ikasi dute ariketa praktikoen bidez. Aurreko saioan aurkeztutako argudioak defendatzeko, aurkaratzeko eta berreraikitzeko moduari buruzko prestakuntza jaso dute. Horretarako, parte hartzeko dinamikak egin dira.
  • 4. saioa: Ariketa praktikoa. Aurreko saioetan ikasitakoa praktikan jarri dute. Argudioak eta kontrako argudioak zelan egin eta zelan azaldu behar diren eta ahozkotasunari buruz ikasitakoa erabili dute eztabaida batean.

Garrantzia

Eider Inunciaga Euskarako, Arreta eta Herritarren Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak programaren garrantzia azpimarratu du: "gure gazteen artean ahozkotasuna eta euskaraz adierazteko gaitasuna sustatzeko sortu dugun programa berritzailea, eta gaur egun Euskadin bakarra dena. Ideia hori sortu zen gazteen artean euskaraz hitz egiteko segurtasuna, erraztasuna eta askatasuna indartzeko beharra hauteman genuenean. Udalak argi dauka: funtsezkoa da gazteen komunikazio-gaitasunak lantzea eta guztiz bat dator 2025-2035 aldirako Aroa Plan Estrategikoan jasotako norabidearekin. Helburu hori eraginkorragoa eta erakargarriagoa izan zedin, prestakuntzaz gain, egokia iruditu zitzaigun lehiaketa bat antolatzea. Eta horrela sortu zen programa hau, espero dezagun luzaroan irautea".

Inunciagak zehaztu duenez, "gaurko esperientziak erakutsi digu gure gazteek badaukatela zer esana eta badakitela zelan esan. Beraz, espazioak eta aukerak ematen jarraituko dugu".