Martxan da Bilbon III. Democracy Lab ekimena
Bilbori esleitutako hirugarren edizioak lankidetzan jardungo du eta gazteen partaidetzarako konponbideak bilatuko dira
Gaur eguerdian hasi eta hurrengo hiru egunetan, ostegunera arte konkretuki, La Perrera gazte-ekipamenduak Democracy Lab izeneko ekimenaren hirugarren edizioa jasoko du.Juan Mari Aburto alkateak ireki egin du Europako hogei hiri baino gehiagotako ordezkariak bilduko duen ekimena.
Relacionadas
Bilbori esleitutako hirugarren edizioak lankidetzan jardungo du eta gazteen partaidetzarako konponbideak bilatuko dira (Gazte Panela, Gazte Hiria, jarduera berritzaileak...).
Hiru egun horietan, benetako desafioen inguruan egingo da lan: zelan sustatu parte-hartze demokratikoa umetatik, zelan eraiki denboran iraungo duen kultura demokratiko bat, eta zelan erabili teknologia —baita adimen artifiziala ere— parte-hartze inklusiboago, etikoago eta gardenago baterako aliatu izan dadin. Helburua ideia berritzaileak garatzea da, herritarrek erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeko aukera izan dezaten, gizarteak aurrez aurre dituen desafioetan hitza eta botoa emanez. Aurreko edizioak Grenoblen eta Bartzelonan egin ziren, eta hirugarren edizioa Bilbori esleitu zaio, izenburu honekin: "Democratic culture: engaging youth and children".
Bilboko Udalak urteak daramatza gobernantza onean, gardentasunean, kontuak emateko borondatean eta lankidetzan oinarritutako herritarren partaidetzaren inguruko eredu propioa eraikitzen. Zerbitzu eta politika publikoen diseinu, ezarpen eta jarraipenean herritarrei hitza ematearen aldeko apustu irmoa da hori; kalitate eta heldutasun demokratikoan aurrera egiteko abagune bat. Ondorioz, hainbat mekanismo, espazio eta tresna ezarri dira eredu hori taxutu eta hedatzeko.
Herritarren parte-hartzea, ezinbesteko elementua
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du herritarren parte-hartzea, eskubide izateaz gain, ezinbesteko elementua dela demokrazia eta herritartasun aktibo eta tolerantea eraikitzeko. Horren jakitun, Bilboko Udalak bere partaidetzarako ildo estrategikoak zehaztu ditu 2024-2027 aldirako Partaidetza Estrategian. Zehaztutako helburuetako bat da herritarrek "eta, bereziki, gazteek eta umeek, hots, Bilboko Democracy Lab 2026ren protagonistek" arazo publikoetan duten inplikazioa handitzea, azaldu du Aburtok.
Bilboko alkateak adierazi du: "Bilboko Udalarentzat demokrazia ez da soilik sistema instituzional bat: eguneroko praktika bat da, hiria garen neurrian erlazionatzeko modu bat. Ez da kasualitatea Democracy Lab hau La Perrera ekipamenduan egitea. Gizarte-berrikuntzako eta teknologia emergenteetako hiri-laborategi modura jardun nahi du Perrera ekipamenduak. Gazteen artean sormena, ekimena, parte-hartzea eta konpromiso soziala, pentsamendu kritikoa, elkarlana eta ahalduntze pertsonala eta komunitarioa sustatzera bideratuta dago, batez ere nerabeei eta 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako zerbitzuen eta jardueren eskaintzarekin".
Tokiko demokraziaren defentsa
Ildo horretan, alkateak azpimarratu du: "tokiko demokraziaren defentsa inoiz baino beharrezkoagoa da". "Europako testuinguruan, politika-desafekzioak, desinformazioak eta polarizazioak arriskuan jartzen dute herritarren konfiantza. Horren aurrean, hiriek erantzukizun giltzarri bat dugu: herritarrak erabaki publikoekin berriro konektatzea, batez ere umeak eta gazteak. Bilbok urteak daramatza norabide horretan lan egiten. Horretarako, aurrekontu parte-hartzaileak, barrutietako kontseiluak, Auzokide Plana edo Gazte Panela ekimenak ditugu, herritarren erantzunkidetasuna indartzen dutenak. Gazteentzako politika zehatzak ere lantzen ditugu, ez zerbitzuak soilik eskaintzeko, baizik eta gazteak berezko ahotsa daukaten eragile demokratiko gisa aitortzeko".