Datorren asteartean, otsailaren 10ean, Euskalduna Jauregiko Atrioak Bilboko Udal Txistulari Bandaren 'Inauteri soinuetan' izeneko kontzertua jasoko du, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ez dira bakarrik egongo, haiekin batera Beti Jai Alai dantza taldeko kideak egongo baitira, denboran zehar Euskadiko hainbat txokotan ospatu diren inauteri tradizionaletan oinarritutako ibilbide musikal oparoa eskainiz.
Herri bakoitzak modu berezian ospatzen ditu inauteriak, eta proposamen honek aniztasun horri omenaldia egin nahi dio, txistuak dantza eta estanpa herrikoiei musika jarriko dien pieza sorta baten bidez. Beti Jai Alaik, berriz, bere estilo bereziarekin bizituko ditu koreografiak.
Euskal dantzek Bilboko hirian izan dute bilakaeraren testigu paregabea da Beti Jai Alai dantza taldea. 1968 urtean sortu zenetik, Bilboko Basurto auzoan kokatua, Euskal dantza, ohitura eta errituak ikertzera, gordetzera eta zabaltzera bideratu du beren egitekoa. Esaterako, Bilboko 4 estanpa irudikatu zituen bere 40. urtemuga ospatzeko: Bilboko noble eta handikien jaiak XVl. mendean, Corpus Christi jaiak XVII eta XVIII mendeetan, Bilboko Inauteriak XIX eta XX mendeetan eta Bilboko eta inguruetako erromeria eta aurreskuak.
Gitarra eta baxua
Bilboko txistu bandarekin batera urte guzti horietako ibilbidea ikusgai izango da ekitaldi honetan. Txistu musikak alboan izango ditu gitarra eta baxuaren laguntza Eriz Pérez eta Amaiur Cajaraville musikariei esker.
Ikuskizun honen ostean, programazioak martxoaren 3an jarraituko du Campos Elíseos antzokian, Txistua Algaraz lehen hezkuntzako 1. eta 2. zikloko ikasleei zuzendutako kontzertu didaktikoarekin. Anduriña Zurutuza clownak umorez eta hurbiltasunez gidatuko du emanaldia, txikienek txistuaren unibertsoa ezagut dezaten Bandaren beraren eta Eriz Pérez eta Amaiur Cajaraville bezalako musikari gonbidatuen eskutik.