Bilboko Udalak, Iñigo Zubizarreta Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun Saileko zinegotziaren bidez, bere lanaren zenbait alderdi aurkeztu zizkion Lankidetzako Udal Kontseiluari XLIV. osoko bilkuran. Azaldu zituen kontuen artean, Kontseiluaren hurrengo urterako jarduera-programa, Sailarentzat 2026rako aurreikusitako udal-aurrekontua eta 2025erako dirulaguntzen deialdiaren ebazpena zeuden.
Hala, aurreko bilkurako akta onartu eta Kontseiluaren Batzorde Betearazle berria onartu ondoren –eta Esther Calvo de Procladeri hamabi urtez bigarren presidenteorde gisa egindako lana eskertuta–, Kontseiluan entitate berri bat, Haaly Pular, sartzea onartu zen.
Ondoren, Udaleko Lankidetza Sailarentzat 2026rako aurreikusitako aurrekontua aurkeztu zen. Aurrekontu hori 4,1 milioikoa izango da (kopuru horrek gora egiten du urtero). % 79,78 GGKEekin eta beste entitate batzuekin lankidetzan kudeatuko da; % 8,9 Euskal Fondoarekin; % 3,8 Sailak kudeatuko du zuzenean eta % 7,49 langileen gastuetara bideratuko da.
Beste gai batzuk ere aztertu ziren: Kontseiluaren 2026rako jarduera-programaren proposamena, dirulaguntzen deialdia aztertuz eta ebatziz; 2027rako oinarrien prestaketa; kideek Saileko jardueretan egindako lana, eta Lankidetzarako Batzorde Mistoan eta Hiri Kontseiluan izandako parte-hartzea.
Era berean, 2025eko dirulaguntzen ebazpena aurkeztu zen. 66 GGKEk parte hartu zuten, eta 76 proiektu aurkeztu ziren (43 nazioarteko lankidetzakoak eta 33 sentsibilizaziokoak), 2,88 milioi euroko deialdi baterako. Herrialdeka, honako hauetarako dira proiektuak: Guatemala, El Salvador, Senegal, Txiapas-Mexiko, Honduras, Sudan eta Kongo. Eskualdeka, % 46 Erdialdeko Amerikarako, % 40 Afrikarako eta % 14 Hegoamerikarako. Sektoreka: Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borroka (% 24); berdintasuna eta emakumeak ahalduntzea (% 18), hezkuntza (% 17), ura eta saneamendua (% 14), eta osasuna (% 11).
Era berean, Bilboko Udalaren Lankidetzaren 30. urteurrena dela-eta aurten egindako jardueren errepasoa egin zen, eta gogorarazi zen ekitaldiekin bukatzeko kontzertua egingo dela (ostegunean bertan aurkeztua), Euskalduna Jauregian, 2026ko otsailaren 28an, "Saharari Kantari" ekitaldiarekin. Bertan, hamabost euskal eta saharar artista baino gehiagok hartuko dute parte.