Beste behin ere, Bilbao Musikak musikaz eta emozioz beteko ditu Gabonetako egunak, "Elur Malutak" ikuskizun bereziaren bi kontzerturekin. Proiektu hau dagoeneko klasiko bihurtu da urte amaierako ekitaldien artean.
Lehen kontzertua abenduaren 12an, ostirala, 19:00etan izango da Miribillako elizan. Bilboko Udal Txistulari Banda oholtzara igoko da „Ahotsak abesbatzarekin“ (Miren Bernaola zuzendari), Gorka Aginaga piano-jotzailearekin eta Maider Legarreta (kantaria) eta Jon Ander Tobalina (tenorra) bakarlariekin. Emozioz betetako emanaldia izango da, musika tradizionala eta garaikidea uztartzen dituena, publikoari sentsibilitatez eta edertasunez betetako esperientzia eskaintzeko.
Bigarren kontzertua abenduaren 16an, asteartea, 19:00etan izango da Campos Elíseos Antzokian. Bertan, aurreko protagonistei Bilbao Musikako haur eta gazte abesbatzak gehituko zaizkie, Maite Olmos zuzendariaren gidaritzapean. Gainera, ekitaldia Jon Gómez Garaik aurkeztuko du.
Emanaldiek obra hautatuen bilduma zaindua eskainiko dute, sentsibilitatea, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituzten piezekin: Xera jostakina, Belengo portalian, Alami, Dona nobis pacem, Bilantzikoa, Cantique de Noël, All I Want for Christmas is You, Kantari Gabonetan eta Ole Olentzero, besteak beste. Giro magiko eta abegikorrean, publiko ororentzako ikuskizun paregabea izango da.
Sarrera doakoa izango da bi kontzertuetan, edukiera bete arte.
BILBAO MUSIKAKO AHOTSAK ABESBATZA
Ahotsak abesbatza 70 lagunek osatutako abesbatza mistoa da, Miren Bernaolaren zuzendaritzapean, eta Bilbao Musikan hasi zen 2004-2005 ikasturtean. Urte hauetan zehar, Musika Eskoletako abesbatza askorekin batera kontzertuak eman dituzte: Galdakaoko "Máximo Moreno", Sestaoko Musika Eskola, Amurrioko "Hasperen", Amorebieta-Etxanoko "Alaiak", Portugaleteko "Salazar", Santurtziko "Maitia" eta Bilboko "SanFran Korue", besteak beste. Era berean, Musika Eskolako askotariko ekitaldi eta kontzertuetan parte hartzen dute, Udal Txistulari eta Musika Bandekin lankidetzan arituz eta Nuria Orbeak emandako ahots eta koru teknikako ikastaroetara parte hartuz.
BILBAO MUSIKAKO GAZTE ABESBATZA
Bilbao Musikako Gazte Abesbatza Maite Olmosek zuzentzen du, eta hogeita hamar gaztek osatzen dute, 14 eta 24 urte artekoak. Musika Eskolaren kontzertuetan parte hartzen du, BAEren kontzertuen zikloetan Bizkai osoan, eta ongintzako kontzertuetan eta kontzertu instituzionaletan. Bilboko udal bandekin batera kolaboratu du, Bilboren erorketaren 80.urteurreneko kontzertuan eta Gernikaren bonbaketaren urteurrenekoan. Nabarmentzekoa da “Humanity at Music” disko-liburuaren grabaketan egin zuten ekarpena, OSErekin batera, Basque Culinary Center-en, eta Fair Saturdayren inaugurazioko ikuskizunean (2018 eta 2019) parte hartzea, Bilbao Arenan, 1.000 artista baino gehiagorekin, José R. Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean. Modu berean, Parisen (Eurodisney), Lourdeseko santutegian, Bordeleko Saint-Pierre elizan, Vienako Udaletxean, Calpeko udako musika jaialdian eta Montjuic-en (Bartzelona) aritu dira, besteak beste.
BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA
Gaur egun hauek dira Bilboko Udal Txistularien Bandako partaideak: Gorka Zabaleta (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Peio Irigoien, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte. Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; “Gogoeta” Xabier Zabalarekin eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.