Flamenko, raggae eta Europako folk doinuek protagonismo berezia hartuko dute Plaza Barrian Aste Nagusiko zortzi gauetan, hau da, abuztuaren 16tik 23ra bitartean. Kontzertuak 23:30ean hasiko dira, eta Euskal Herriko, Galiziako, Andaluziako, Italiako, Extremadurako eta Erresuma Batuko artistak igaroko dira agertokitik.
Lehen hitzordu handia larunbatean, abuztuaren 16an, izango da: 'Pangea' ikuskizunean Bilboko Udal Musika Banda eta Abraham Cupeirok bost kontinenteetako musika tresna berezien bidez bidaia musikala eskainiko dute.
Folk mediterraneoa Ars Nova Napoli taldearen eskutik iritsiko da igandean, abuztuaren 17an. Nazioarteko jaialdietan hamar urte baino gehiago daramatzate, eta euren tarantella, serenata eta Balkanetako doinuen fusioak Hego Italiako tradizioen ospakizun bizia eskaintzen du.
Asteko une zirraragarrietako bat 'Agujetas & Gualberto' ikuskizunaren estreinaldia izango da Bilbon, astelehenean, abuztuaren 18an. Dolores Agujetas, bere semea Agujetas Chico eta sitar doinuekin esperimentatu zuen aitzindari Gualberto Garcia batu dira agertokian, flamenkoa eta musikaren berrikuntza uztartzen dituen ikuskizun esklusibo batean.
Asteartean, abuztuaren 19an, Rebeca Rods & Black Light Gospel Choir izango dira protagonistak. Estatuan erreferente den gospel taldea da, Grammy sarietan parte hartu duena eta energiaz betetako ikuskizuna eskainiko duena.
Asteazkenean, abuztuaren 20an, Galiziako tradizioaren indarra helduko da Mercedes Peón-en eskutik 'Ingrávida' ikuskizunean bere 25 urteko ibilbidea birpasatuko du, landa-eremu galiziarretan egindako ikerketak eta abangoardiako fusio musikalak uztartuz.
Hurrengo egunean, ostegunean, abuztuaren 21ean, Xabi Aburruzaga trikitilari ezaguna igoko da oholtzara bere talde osoarekin eta gonbidatu bereziekin. Bilboko Konpartsak-ekin elkarlanean Txupineren kanta sortu zuen, eta horren bidez bere konpromisoa ageri da euskal kultura herrikoiarekin.
Reggae estiloa ere izango da programaren parte, eta ostiralean, abuztuaren 22an, XXXII. Bilbo Reggae Splash ospatuko da. Aurtengo izar nagusia Winston Reedy izango da, Euskadin bakarka arituko den lehen aldia izango da. Reggae klasikoaren britainiar legenda hau bere ohiko taldearekin arituko da eta tokiko musikari hautatuek lagunduko diote.
Azkenik, larunbatean, abuztuaren 23an, Acetre taldeak emango dio amaiera musika-munduko eskaintzari. Extremaduratik datorren taldeak 45 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta Portugal eta Extremaduraren arteko mugako eraginak nabari dira bere soinuetan. Lehen aldiz arituko da Plaza Barriko agertokian.
Plaza Barriko programazioa
Kontzertu guztiak 23:30ean hasiko dira:
- Larunbata, abuztuak 16: Bilboko Udal Musika Banda + Abraham Cupeiro
- Igandea, abuztuak 17: Ars Nova Napoli
- Astelehena, abuztuak 18: Agujetas eta Gualberto
- Asteartea, abuztuak 19: Rebeca Rods eta Black Light Gospel Choir
- Asteazkena, abuztuak 20: Mercedes Peón: 'Ingrávida'
- Osteguna, abuztuak 21: Xabi Aburruzaga
- Ostirala, abuztuak 22: XXXII. Bilbo Reggae Splash 2025: Winston Reedy
- Larunbata, abuztuak 23: Acetre