Urtero bezala, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok parte hartu du aurten ere bai Arriaga Antzokian egin ohi den obra baten txandakako irakurketa jarraian. Aurten Bizenta Mogelen 'Ipui onac' lana izan da protagonista. Ekitaldian Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak eta Udalbatzako beste ordezkari batzuek hartu zuten parte baita ere.

Ehunka pertsona txandakatu ziren 08:00etatik aurrera emakume batek 1804an euskaraz argitaratutako lehen liburuaren irakurketa jarraituan parte hartzeko. Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen duen hitzordua da, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.

1804an, Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara. Artean ez zen ohikoa andrazkoek irakurtzen jakitea, are gutxiago latina ikastea. Lan horrekin, Mogel, 22 urte zituela, euskarazko liburu bat argitaratu zuen lehen andrazkoa izan zen. Hori da Bilbo Zaharra euskaltegiak aurtengo irakurraldi jarraitua egiteko "Ipui onac" aukeratu izanaren arrazoietako bat baina, horrez gain, euskal literatura europar literatura klasikoarekin lotzen duen obra bat da eta alegien literatura-generokoa da.

Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia 1782 - Abando 1854) kultur ekintzaile aitzindaria izan zen. Azkoitian jaio bazen ere, Markinan hazi zen, aita hil zenean familia hara aldatu baitzen. Han bizi izan zen 1817ra arte. "Ipui onac" argitaratzeaz gain, bertso sorta batzuk idatzi zituen. Atzoko ekitaldian, Nerea Ibarzabalek (Zumarraga, 1994) hitza eman dio Bizenta Mogeli. Bizentak bezala, Ibarzabalek Markinan eman zuen gaztaroa. Bi aldiz irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta behin Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista izan da. 2022an, Bar Gloria liburu arrakastatsua argitaratu zuen. Bera arduratu da "Ipui onac" liburuaren lehen lerroak Arriagan irakurtzeaz, goizeko 08:00etan.

Ibarzabalen atzetik, 200 pertsona inguru txandakatu dira goiz osoan Bilboko udal antzokiko foyer-ean mikrofonoaren aurrean. Ohikoa denez, euskal gizartearen eremu guztietako ordezkariek hartu dute parte: kultur eta gizarte eragileek, ikasle eta irakasleek, erakundeetako, elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariek, eta abar.