Bilbo izango da 2026an Demokraziaren aldeko Laborategiaren hirugarren edizioaren egoitza. Horrela azaldu dute egun hauetan Grenoblen ospatzen ari den eta Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi Eider Inunciaga parte hartzen ari den ekimen honen bigarren edizioan.

Inunciaga Eurocitiesek Nets4Dem Europako proiektuaren testuinguruan antolatzen duen Democracy Lab proiektuan parte hartzen ari da, eta, bertan aurreratu da datorren otsailean Bizkaiko hiriburuak hartuko duela laborategiaren III. edizioa. Nets4Dem sareen sare bat da, eta helburu du elkarlanerako eta ikerketa aurreraturako gune izatea berrikuntza demokratikoaren, deliberazio zibikoaren, partaidetzaren eta herritarren hezkuntzaren esparruan. Arduradun politikoak, profesionalak eta ikertzaileak biltzen ditu, tokiko, nazioko, estatuko eta Europako ekimen demokratiko berritzaileak abian jartzeko gaitasun bateratua indartzeko. Sare horrek hiru programa ditu: Rising Starts (mentorizazioa), Accelerator eta Laborategiak, eta Berrikuntza Demokratikoaren Saria, zeina Nets4Dem proiektua amaitzen denean emango baita (2026ko erdialdean).

Demokraziaren aldeko Laborategiaren helburua ideia berritzaileak garatzea da, herritarrek erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeko aukera izan dezaten, gizarteak aurrez aurre dituen erronketan hitza eta botoa emanez.

Lehenengo edizioa Bartzelonan egin zen, 2024an, eta, orduan, eraldaketa digitalaren inguruko berrikuntza demokratikoa izan zuten ardatz. Bigarren edizioa Grenoblen ari da izaten, martxoaren 25etik 27ra, Eurocitiesek eta Grenoble-Alpes Metropolek antolatuta. Ekitaldi horretan, hirietako ordezkariak, demokraziaren arloko adituak eta aldaketako eragileak bilduko dira, demokrazia parte-hartzaileak tokiko klima-ekintza nola indartu dezakeen aztertzeko.

Hirugarren edizioa Bilbori esleitu zaio, eta 2026ko Demokraziaren aldeko Laborategia gazteen partaidetzarako soluzioak bilatzeko egingo du lan (Gazte Panela, Gazte Hiria, jarduera berritzaileak...).

Bilboko eredua hedatuz, gobernu onaren adibide

Bilboko Udalak urteak daramatza gobernantza onean, gardentasunean, kontuak emateko borondatean eta lankidetzan oinarritutako herritarren partaidetzaren inguruko eredu sendoa eraikitzen. Zerbitzu eta politika publikoen diseinu, ezarpen eta jarraipenean herritarrei hitza ematearen aldeko apustu irmoa da hori; kalitate eta heldutasun demokratikoan aurrera egiteko abagune bat. Ondorioz, hainbat mekanismo, espazio eta tresna ezarri dira eredu hori taxutu eta hedatzeko.

Herritarren partaidetza, eskubide bat izateaz gain, ezinbesteko elementua da demokrazia eta herritartasun aktibo eta tolerantea eraikitzeko. Horren jakitun, Bilboko Udalak partaidetzarako bere ildo estrategikoak zehaztu ditu 2024-2027 aldirako Partaidetza Estrategian, eta zehaztutako helburuetako bat da herritarrek –eta, bereziki, gazteek eta umeek– gai publikoetan duten inplikazioa handitzea.  

Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi Eider Inunciagaren hitzetan, "2026ko Democracy Lab ekimena hartzeak aukera emango digu Bilboren esperientzia ezagutarazteko, eta gure partaidetza-egiturak, lorpen esanguratsuenak eta ikaspenak besteei erakutsi ahal izateko. Era berean, prozesu hori ikaskuntza-esperientzia gisa erabiltzeko aukera emango digu, politika publikoetan herritarren partaidetza handiagoa bilatzen duten hirientzako gomendio transferigarriak biltzeko, bereziki umeen eta gazteen ekarpen handiagoa proposatzen duen ildo estrategikoari dagokionez. Horrez gain, ikuspegi berriak ezagutzeko aukera emango digu eta erronka berriei aurre egiteko espazio gisa ere balioko digu, askotariko talentuak, prestasuna, trebetasunak, ezagutzak eta esperientziak txertatu ahalko baititugu, ezagutza eta ikuspegi desberdinak sortzeko gaitasunarekin, metodologia berriak praktikan jarriz".