Muskizko Udalak, El Cerro Kultur Kirol Elkartearekin, Petronorrekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, La Caixa Fundazioarekin, eragile pribatuekin eta ikastetxeekin lankidetzan, Mello mendiaren inguruko baso-berritzea bultzatu du berriro, 2019ko suteen eraginez. Berriz ere, udalerriko ikastetxeetako ikasleak izango dira haritzak, pagoak, gaztainondoak, urkiak eta abar landatuko dituztenak. Parte hartzen lehena Cantarrana Eskola izango da, 90 ikasleren laguntzarekin. Otsailaren 27an hasiko da kanpaina. Ekimenaren hirugarren edizioa da aurtengoa, eta, oraingoan, 18.000 metro karratu berreskuratzea da helburua.
Hirugarren baso-berritzearekin, Muskizek 45.000 metro karratu berreskuratuko ditu guztira, 2.500 ale baino gehiago landatuz. Otsaila eta martxoa bitartean 600 ikasle inguruk jardungo dute, eta horiei ikastetxeetako irakasleetatik datozen 40 pertsona gehiago gehituko zaizkie. Landaketaren hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko arduradunek hitzaldi txiki bat emango dute erabiliko diren espezieei buruz, ingurumenaren deskarbonizazioan izango dituen ondorioei buruz, eta abar. Horren guztiaren ondoren, hamaiketako txiki bat egingo da, eta jardunaldia ikastetxeetako 2030 Agendan kokatuko da.
2019ko martxoan gertatu zen 110 hektarea inguru erre zituen baso-sutea, eta hainbat mendi kaltetu zituen, besteak beste, Mello. Urte horren amaieran, El Cerro de la Llosa Kirol Elkarte Kulturalak ekimen solidario hau jarri zuen abian, helburu bakarrarekin: flora eremu suntsituetara itzultzea.