BILBO. Bilboko Aratusteek programazio askotarikoa antolatu du Udalak adin guztietako pertsonentzako 50 jarduera baino gehiago prestatu dira eta txikienak eta familiak izango dira protagonistak. Gaur goizean, 2 eta 12 urte bitarteko umeak Plaza Berrira joan dira Bilboko Udalaren Jaietako Batzorde Mistoak antolatutako jaiaz ospatzeko. Ekitaldi honetan musika eta txokolatea egon da. Txikiek mozorro originalak jantzi dituzte eta Plaza Barria kolorez, alaitasunez eta giro onez bete dute.
UMEENTZAKO ANTZERKIA ZABALGUNEAN
Antzerkiak izango du lekua zapatua, hilak 10. Panpotx Kultur Elkarteak “Baserrian Jai /Fiesta en el Baserri” hiru saio emango ditu Zabalgune eraikinean, lana estreinatzeko. 13:00etan eta 18:30ean (euskaraz), eta 16:30ean (gaztelaniaz). Sarrera doakoa izango da harik eta lekuak bete arte.
“Baserrian Jai /Fiesta en el Baserri” ekoizpenak arlo ludikoa eta hezkuntzakoa lantzen ditu eta beren beregi sortu da Bilboko aratusteetarako. Umeentzako da eta bere helburua familiek gozatzeko espazioak egokitzea da. Eider Eibar bilbotarraren ilustrazioek eta euskal aktoreen emanaldiak baserrietako girora eramango dituzte haurrak. Alaitasuna, jokoa, zuzeneko dantza eta musika izango dira protagonistak lan horren eszenaratze ikusgarriak irauten duen ordubetean.
Gainera, antzerkiaz gozatzeko aukera gehiago izango dira. Hain zuzen ere, Irrien Lagunen “Euskera Arnas” lanak ume eta helduen pozgarri izango da Albia Lorategian, 12:15ean.
Otsailaren 11n, domeka, jaiak aurrera egingo du eta erraldoiak eta buruhandiak kalean izango dira Gargantuarekin batera. Hori Areatzaren eta Arriaga plazaren artean egingo da, 12:00etatik 14:00ak arte.
Hurrengo egunean, otsailaren 12an, astelehena, Plaza Barriko karpan kontzertu parte-hartzailea egingo dute Bilboko Udal Bandak eta Patxi Gonzalezek 12:30ean, familia osoarentzat. Karpa horretan umeentzako puzgarriak, jokoak eta tailerrak jarriko dira 17:00etatik aurrera.
Azkenik, otsailaren 13an, martitzena, Plaza Barriko karpan, puzgarriak eta tailerrak izango dira umeentzat, goizean 12:00etatik 14:30ak arte.