Lehenengo aldiz, kontsumoari buruzko informazioa emango duen bulego publiko berria ireki da Bilbon.Udalak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bidez, Kontsumoari buruzko Udal Bulego berria zabaldu du, Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoaren (KIUB) osagarri. Itxaropen kaleko 22ko bulego publiko berria bisitatu dute gaur Bilboko Alkate Juan Mari Aburtok; Alfonso Gil, alkateorde eta Mugikortasun Politiken, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriaren koordinatzaileak; eta Yolanda Diez, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak eta korporazioko beste kide batzuk. Bilboko Udal Etxebizitzak-en lokal batean dagoen bulegoa Euskadiko lehenengoa da.

Kontsumoari buruz eta horri buruz soilik herritarrei arreta eta informazioa ematen du eta asmoa da KIUBek Ugalde kaleko 7an eskaintzen dituen doako zerbitzuetako asko bulego honetara ekartzea.

Bulego berria erosoagoa da eta eskurago dago herritarrentzat, uriaren erdi-erdian baitago, eta helburu bi ditu: KIUBek eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa eman eta zabaltzea, batetik, eta kontsulta eta bitartekaritza-eskariak jasotzea, bestetik. Informazioa bulegoan bertan emango du, hitzordurik barik, astelehenetik barikura, 08:30etik 14:00etara (udako ordutegian izan ezik).

Hauek izango dira eginkizunak:

- KIUBek ematen dituen zerbitzuei buruzko informazio orokorra, bete beharreko baldintzak eta agiriak zeintzuk diren eta kontsumitzailearen eskubideen babesaren arloan diharduten erakunde publikoei eta elkarteei buruzko informazioa ematea.

- Bitartekaritza-espedientearen izapidetze-egoerari buruzko informazioa ematea interesdunari.

- Eskariak eta eurekin batera aurkeztu beharreko agiriak jasotzea eta erregistratzea, baita kexen formularioak, salaketak eta erreklamazio-orriak ere. Jaso ondoren, erakunde eskudunetara eta iradokizunen eta kexenera bideratuko dituzte.

- Kontsumo-gaiei buruzko agiri teknikoak eta/edo juridikoak ematea.

- Agiriak betetzen laguntzea.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak bilbotar guztientzako doako zerbitzuaren esklusibotasuna azpimarratu nahi izan du, era honetako Euskadiko lehenengoa baita. “Zalantza barik, kontsumoak arlo handia hartzen du eta gehiago edo gutxiago, guztiok ditugu uneren batean zalantzak, izapideak egin beharra, ezustekoak?eta horiei aurre egin behar zaizkie. Beste alde on bat da urigunean dagoela, erraz iristeko lekuan; hortaz, espero dugu bilbotarrak zalantzak argitzera hurbiltzea”.

Beste alde batetik, Yolanda Díez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkaria ere pozik agertu da azkenean proiektuak argia ikusi duelako. “Iralako KIUBeko erdiguneko sukurtsala barik haren osagarria izango da, hari laguntzeko eta herritarren kontsulta asko bulego berri honetan egin ahal izango dira; herritarrentzat erosoagoa da era honetako doako zerbitzu bat uriburuaren erdi-erdian egotea”.