BILBO. Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak gaur jaso du Berlinen Urban Land Institute (ULI) erakundeak Azkuna Zentroaren bikaintasunari emandako “Global Awards for Excellence” saria. Urban Land Institutek aste honetan Alemanian antolatu duen “ULI EUROPE CONFERENCE” biltzarraren barruan egin da zeremonia eta topaketa modura erabili du Alkateak Bilboren esperientzia, proiektuak eta desafioak entzule garrantzitsuen aurrean azaltzeko. Izan ere, bostehundik gora erakunde eta hirigintza eta eraikuntzaren arloko hogeita bost herrialdetako inbertsiogilerik garrantzitsuenetako batzuk izan dira bertan.

Juan Mari Aburtok, AZri munduko zentro bikainenetako bat izateagatik emandako saria eskertu ondoren, hauxe adierazi du: “Nazioarteko komunitateak Bilbori Europako Hiririk Onena izateagatik emandako aintzatespena sendotzen du sari honek”. Hain zuzen ere, eta biltzarraren antolatzaileek hala adierazi dute, Azkuna Zentroa da edizio honetan aurkeztutako 145 proiektuen artean saria lortu duen Europako espazio bakarra. “Arte, aisialdia eta kulturaren diziplina anitzeko zentroa da ?zehaztu dute?. Bere eraikin berezi eta historikoak sariak jaso ditu, bai eta uriaren alde egindako lanak eta ekarpenak ere.”

ULI erakundearen arduradun nagusia den Thomas W.Toomey-ren eskutik saria jaso ondoren, Bilboko Alkateak Bizkaiko hiriburuaren eredua eta desafioak zeintzuk diren azaldu du, Regula Lüscher Berlingo Senatuko Hirigintza Garapenaren zuzendariarekin eta Roger Madelin British Land Company enpresako Canada Water Developmenteko zuzendariarekin batera.

Bere adierazpenean uriaren eraldaketaren prozesua aztertu du: “Garapen horrekin ?azaldu du? errehabilitaziotik abiatuta egiten jarraituko dugu. Gure kontzeptua bere ondare historikoa eta kulturala gordetzeko gai den uria da, energiaren kontsumoa murrizteko eta hondakin eta emisio gutxiago sortzeko behar diren materialak eta teknologiak erabiliz, bertan bizi direnentzat, lan egiten dutenentzat eta bisitan daudenentzat abegitsua dena, batez ere garraio publikoa eta kutsatzen ez duen eta inbasiboa ez den garraioa erabiltzen duena. Garapenerako eta inbertsiorako trakzio-motorrak bilatzen dituena uria bizia eta modernoa izan dadin, enpresak eduki ditzan, eta garrantzitsuena pertsonak diren lekua izan dadin”.