BILBO. REMP 2018 Proiektu Zuzendaritzako Hezkuntzari eta Ikerketari buruzko Nazioarteko Biltzarra, otsailaren 22an eta 23an egingo da Bilbon, Bizkaia Aretoan. Bertan, arloko Europako aditu nagusiak elkartuko ditu. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskola da bileraren antolatzailea. Zaragoza, Oviedo, Valladolid, Nafarroa, Dortmund, Lovaina, Kiev edota Kaunaseko inibertsitateetako irakasle nabarmenak daude biltzarraren batzorde zientifikoan.
Bilboko Ingeniaritza Eskolak Proiektu Zuzendaritza (Project Management) Masterra eskaintzen du 2006tik, eta dagoeneko 300 profesionalek egin dute, batez ere ingeniariek, baina baita beste arlo batzuetakoek ere. Bilboko eskola izan da master hori ezarri duen Europako lehenengoetakoa, eta, Dortmundeko Unibertsitatearekin batera (Alemania), gradu osteko Proiektu Zuzendaritza ikasketak ematen dituzten unibertsitateen partzuergo europarraren liderra da.
Biltzarrak hiru bloke handi landuko ditu: Proiektu Zuzendaritzaren Ikerketa, Iraunkortasuna eta Proiektu Zuzendaritza, eta Proiektu Zuzendaritzako Hezkuntza. Hizlari garrantzitsuek hartuko dute parte, eta industria arloko profesionalen, ikertzaileen, doktoregaien eta enpresa zuzendaritzan prestatutako edozeinen partaidetzara zabalik egongo da.
Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea webgune honetan: www.ehu.eus/en/web/repm2018/registration. Biltzarrak 150 euroko kostua du ikasketa mundukoak ez diren partaideentzat, edo 100 eurokoa urtarrilaren 30a baino lehen izena emanez gero. Unibertsitateko profesionalek eta Master eta Doktoretza ikasleek ordaindu beharreko prezioa 50 eurokoa izango da.