BILBO. Bilboren arrakasta-kasua eta zerbitzuak zein sormen-industriak bultzatuz egindako eraldaketa ekonomikoa ezagutzea da gaur eta bihar Bizkaiko hiriburua bisitatuko duen Buenos Airesko Udalaren ordezkaritzaren helburuetako bat. Andrés Larre Modernizazio, Berrikuntza eta Teknologia Ministerioko Kabineteburuak eta Manuel Seco Ekonomia Barrutien zuzendari nagusiak osatzen dute ordezkaritza, eta Asier Abaunza Hiri Plangintzako zinegotzi ordezkariarekin bilduko dira bihar. Lan-bilera Bilboko udaleko kidearekin egingo dute, eta 1992. urtean senidetu ziren Bilbo eta Buenos Aires artean dauden erakunde-loturak sendotzeko pentsatu da. Biak dira UNESCOren Diseinuaren Hiriak Sareko kideak. Buenos Airesko Udalaren iritziz Bilbo “hiri sofistikatu eta arrakastatsua” bihurtu da. Gaur hasiko duten bisitarekin hiri- eta ekonomia-suspertzeko prozesuaren eta sormen eta ezagutzaren industriaren aldeko apustuaren berri izan nahi dute, bai eta Bilboko Udalaren eta zenbait eragile ekonomikoren arteko elkarri eragitearen berri ere.

Asier Abaunzarekin bilera egin ostean, buenosairestarrak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen egoitzara hurbilduko dira, non Bilboko Udalak bultzatutako enpresa-sustapenerako estrategiak azalduko dizkieten bilera batean. Bihar, osatzeko, Azkuna Zentroa bisitatuko dute. Gaur, berriz, Guggenheim Bilbao Museora joateko asmoa du ordezkaritzak.

Buenos Airesko udal-arloek ministerio izena dute. Modernizazio, Berrikuntza eta Teknologia Ministerioa honako honetan arduratzen da, hain zuzen ere: lana, industria eta merkataritza sustatzea; garapen ekonomikoa, berrikuntza eta hiri adimendua bultzatzea; eta mikroenpresak eta enpresa txiki zein ertainak sortzen laguntzea.

Metropoli Fundazioak sustatu du bisita. Fundazioak estatuan du egoitza, eta nazioarteko ikuspegitik lurraldeko eta hirietako garapenari eta berrikuntzari laguntzea ditu xede.

Campechetik Bilboko eta Euskadiko turismoarekiko interesa erakutsi dute

Beste alde batetik, Mexikoko Campeche estatutik ordezkaritza bat iritsiko da ostiralean, urtarrilak 26. Hain zuzen ere, Bilboko Udalak ezarritako turismo-sustapenerako estrategiak ezagutu nahi dituzte. Hori dela eta, lan-bilera bat antolatuko dute Bilbao Turismoren egoitzan. José Domingo Berzunza Campeche estatuko Garapen Ekonomikoko idazkaria izango da Mexikoko ordezkaritzaren burua. Harekin batera beste sei instituzio-ordezkari etorriko dira. Campechen turismo-sektorea indartzeko estrategia bat ezartzeko prozesuan daude gaur egun, eta Euskadi hautatu dute gai horri buruzko bide egokiak ezagutzeko.