GORRIA eta zuria ez dira koloreak soilik. Bata eta bestea sarritan erabiltzen dira beste zerbait adierazteko. Neguak, goseak edo kaleak ez dute kolorerik. Gorriak direla esatean, indartu egiten zaie esanahia. Indarra erakusten du gorriak. Kopako finala irabazi nahi duenak gorriak ikusi behar izango ditu. Galtzailea larru gorritan geldituko da. Bi taldeak dira kopatan errege, baina bata barau gorrian bizi da aspaldian, bestearen erruz. Gose gorriak jota omen dago. Arnasestuak gorritu arte arituko da lehia bizian. Zuriak ere ez du beti esanahi bera. Garbitasuna adierazteko erabiltzen bada ere, faltsukeria ere ager dezake, baina zurikeriarik ez genuke nahi. Zuritzeak ere hamaikatxo esanahi ditu. Hormak zuritzeak ez du laranja zuritzearekin zerikusirik. Zuritzaileak mesede zein kalte egin dezake. Nork zurituko du nor finalean? Zeinek aterako du bandera zuria lehenik? Zein talderen zorrak geldituko dira zurituta? Erantzunak, larunbat gauean. Elkarren eskutik bat eginda ere joan daitezke gorria eta zuria. Ez al dira gauza bera astegun buruzuria eta astegun burugorria? Ez al gara astegunotan gorri, zuri edo zurigorri jarriko asteburuaren zain? Eta gero? Gorri irabazi ondoren? Zuri galdu ondoren? Bietara ohituta gaude, gorria eta zuria biak baitira gureak. Aupa Athletic! Bilboko bikario nagusia
- Multimedia
- Servicios
- Participación
