Urtero bezala, Gizakundearen Elizako Musika Klasikoaren zikloaren edizio berri bat ospatuko da Aste Nagusian. Abuztuaren 16tik 23ra bitartean, 26. edizio honen barruan antolatutako zortzi kontzertuz gozatzeko aukera izango dute bilbotarrek. Emanaldiak egunero 20:30ean izango dira, eta sarrera erabat doakoa eta librea izango da, edukiera bete arte.
Urtero bezala, Atxuriko tenpluak harrera egingo dio publiko zabal eta askotariko bati, eta bertan bat egingo dute tokiko, estatuko eta nazioarteko taldeek. Zikloaren helburu nagusia musika klasikoa publiko berrietara hurbiltzea da, betiere errepertorioaren eta ikuspegiaren berrikuntzaren bidez.
Zikloa Zaruk bikotearen eskutik hasiko da abuztuaren 16an, “Hagadá” proposamenarekin: musika sefardiaren ibilbide librea biolontxelo eta gitarrarekin, ahozko tradizioa, musika klasikoa eta mediterranear ukituak uztartuz.
Abuztuaren 17an, Musbika Ensemble euskaldunak eta Josu Camara aktoreak (2025eko Farolin) “Antonio Gaztañetaren bidaia” izeneko saioa eskainiko dute, instrumentu historikoen eta barroko musikaren bidez euskal marinel ospetsuaren bizitza eszenaratuz.
Abuztuaren 18an, Les Sylvains Ensemble taldeak “Aura soave di segreti accenti” programa interpretatuko du, Errenazimentu eta Barrokoko ahots eta tresna musikaz osatua. Armelle Morvan sopranoak eta Arrate Zubigaray klabezinistak Luzzaschi, Caccini, Frescobaldi eta Monteverdiren piezak eskainiko dituzte.
Abuztuaren 19an, “Iragana betikotzen” proiektuak XX. mendeko euskal musikari omenaldia egingo dio: Aita Donostia, Hilario Olazaran eta Tomás Garbizuren lanak entzungo dira txistu, piano, biola eta sopranoaren eskutik.
Abuztuaren 20an, Ensemble Kuraia bilbotarrak hartuko du parte. Musika garaikidearen erreferente nagusietakoa da eta, besteak beste, Shostakovich, Bach eta E. Chacón, azken honek, XX. mendearen hasieran musika-edizioa bultzatu zuen lehen emakume euskal konpositoreetako bat da.
Abuztuaren 21ean, Northern Cellos laukote katalanak lehen aldiz joko dute Bilbon “Filmetako biolontxeloak” ikuskizunarekin: biolontxelo elektriko eta bateria lagun, 70eko hamarkadatik gaur egunera arteko pop, rock eta zinemako klasikoak interpretatuko dituzte, ikus-entzunezko aurkezpen indartsuarekin.
Abuztuaren 22an, Elaine Ensemblek hartuko du lekukoa “Emakume konpositoreen musika berraurkitzen” izeneko programarekin. Euskal emakume interpreteek osatutako talde honek emakume konpositoreen lana ikusarazten du, ikuspegi sozial eta artistiko konprometitu batetik.
Azkenik, zikloa Trio Philomène taldeak itxiko du abuztuaren 23an. Biolina, biolontxeloa eta gitarra lagun, Mancini, Haydn, Sor, Jesús de Monasterio eta Sainz de la Mazaren ganbera errepertorioa eskainiko dute.
Egitaraua
- Abuztuak 16 (larunbata): Zaruk – Hagadá
- Abuztuak 17 (igandea): Musbika Ensemble – Antonio Gaztañetaren bidaia
- Abuztuak 18 (astelehena): Les Wylvains Ensemble – Aura soave di segreti accenti
- Abuztuak 19 (asteartea): Iragana Betikotzen
- Abuztuak 20 (asteazkena): Ensemble Kuraia
- Abuztuak 21 (osteguna): Northern Cellos – Filmetako biolontxeloak
- Abuztuak 22 (ostirala): Elaine Ensemble – Emakume konpositoreen musika berraurkitzen
- Abuztuak 23 (larunbata): Trio Philomène