Elorrioko Udala poz-pozik agertu da amaitu berri den 'Belaunaldi Artean' izeneko programak izandako harrerarekin. Belaunaldien arteko elkarrekintza aberasgarria sustatzeko helburu duen ekimen honi esker, Lourdesko Ama ikastetxeko, Txintxirri Ikastolako eta Elorrioko Institutuko gazteek denbora eta esperientziak partekatu dituzte herriko adinekoekin. Aurtengo edizioan, Mankomunitateko memoria taldeko partaideak, Nagusilagunekoak, Elorrio Lagunkoiakoak eta adinekoen dantza tailerreko partaideak ere izan dira protagonista.

Ekimenaren baitan, hainbat tailer eta saio antolatu dira: memoria saioak, mahai-jokoak, esaera zaharrak, adin-aurreiritziak eta aurten nabarmentzekoak diren dantza ikastaroak. Izan ere, gazteek eta nagusiek elkarri dantzak erakutsi dizkiete, eta ikasturte amaierako jaialdian belaunaldi arteko dantza saioa eskaini dute. Bestalde, Agenda 2030eko helburuak ere jorratu dituzte ikuspegi partekatuan.

Ikasleek eta adinekoek oso modu positiboan baloratu dute esperientzia saio bakoitzaren osteko balorazioetan zein ikasturte bukaerako inkestetan.

Parte-hartzaile eta koordinatzaileen arabera, programak ikusgarritasuna, konexioa eta jarrera aldaketa eragiten du, eta klasetik haratago doan balioa ere badu. "Adin desberdinetakoak izan arren, ez gara hain desberdinak" esan dute gazteek; eta adinekoek, umorez, bizi-esperientziaz, eta energiaz beterik, aurreiritziei aurre egiteko prest daudela erakutsi dute. Parte-hartzaile nagusienek nabarmendu dute esperientzia oso aberasgarria izan dela. “Adineko bakoitzak bere errealitatea dakar, bakoitzak bere profila du eta bat ere ez dago soberan; partehartzaile guztiek dute zer eskaini” adierazi du Onditz Mendizabal Olabarria programaren koordinatzaileak.

2024-2025a programaren hamargarren ikasturtea izan da, pandemian online mantendu zen, eta partehartzea eta inplikazioa nabarmen hazi dira. Elorriok erakutsi du belaunaldi arteko harremanak biziberritzeko eta komunitatea elkartzeko badagoela gogoa.

Datorren ikasturteko programan parte hartu nahi ezkero, deitu 658 72 12 92 (Onditz) zenbakira, edota idatzi ondorengo helbidera: sormening@gmail.com.