Eta azkenean, iritsi zen eguna, lehertu zen festa. Euskaltzaleen eta euskararen ekitaldirik garrantzitsuena hasi zen arratsaldean bertan Irunen. 23.Korrika Irungo San Juan Plazatik abiatu zen 16.00etan, eta jada errepidean da. Lapurdira, hain zuzen, Hendaiara, 17.20ak aldera iritsi zen Gorritiren lekukoa, eta, besteak beste, Azkainetik eta Uztaritzetik ere pasa zen. Bihar, goizaldean helduko da Nafarroa Beherera, Aiherratik. Laburbilduz, aurtengo 23.edizio honetan ere, Euskal Herriko hamaika herri, auzo, eta txoko igaroko ditu 11 egunetan egitasmoak, hilaren 24an Baionan lekukoak ezkutuan daraman mezua irakurtzearekin batera egitasmoari amaiera emango zaion arte. Harro herri lelopean, euskararen aldeko lasterketa egingo dute milaka euskaltzalek, 2.700 kilometroko ibilbidea osatuz. 

Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak goizean egitasmoa hasi aurretik adierazi zuen moduan, “Euskal Herriko askotariko eragileak batzen dituen egitasmo bakarrenetakoa” da Korrika, eta horrek ere egiten du “berezi”. Haren ustetan, 11 egunez, Euskal Herria batuta ikusteko aukera ematen du egitasmoak. Komunitate indartsua osatzen dugula erakusteko aukera dela ere azaldu zuen atzo. “Euskara dakitenek ez dakitenekin bat egiteko egunak dira hauek”, baieztatu zuen Elordik. Herritarrengan ere komunitate sentimendu hori sorraraztea da, hain zuzen, AEKren helburua. “Euskarak batuko gaitu, euskarak egingo gaitu herri, bakoitzak beretik bere ekarpena eginda eta onartuta bestea desberdina dela”, zehaztu zuen. Bukatzeko, zailtasunak zailtasun, AEK-ko kideek “euskararen normalizazioaren alde” lanean jarraituko dutela ere nabarmendu nahi izan zuen koordinatzaileak. “Guk normalizazioan lanean jarraituko dugu, uste baitugu euskara eskolek bakarrik ez dutela Euskal Herria euskaldunduko: beste arloetan ere eragin beharra dago”, azaldu zuen. 

Egun osoan zehar gainera, aldarrikapenentzako tarteaz gain, festarako gogoa ere nagusi izan zen Irunen. Antolatzaileen hitzetan, “festa bikaina” izan zen. Goizean goizetik hasi zen festa. Izan ere, 11.00etan hasita, Bidasoako DBHko ikasleek egin zuten Gazte Korrikak girotu zituen Irungo kaleak. Festa handiaren atarikoa izan zen hau. Ospitale zaharreko plazan ere artisau azokara jende ugari hurbildu zen, eta bertan izan ziren 9 artisau postuetako saltzaileak ere “izandako harrera ezin hobea” izan zela baieztatu zuten. Haien hitzetan, “Korrikari arratsaldean hasiera eman aurretik horrelako egitaraua antolatzeak balio berezia” ematen dio egunari eta egitasmoari. “Guretzat ere oso berezia da Korrika, eta gure modura gure aletxoa jarri nahi izan dugu. Gureak diren mota askotariko produktuak saltzen ari gara gaur, eta berdina gertatzen da euskararekin. Gurea da, herriarena, guztiona, eta zaindu beharra daukagu”, baieztatu zuen harrotasun osoz azokako postu bateko saltzaile den Jon-ek. 

Gazte Korrika eta artisau azokaz gain ere, 12.30etan Almudena Grandes plazatik abiatu zen Bertso trikipoteoak giro ikaragarria jarri zuen Irungo taberna inguruetan. Giro euskaldun paregabean, festa izan zen nagusi. Irunera gerturatu ziren ehunka pertsonetako zenbaitek indarrak berreskuratzeko beharrezko geldialdia egin zuten eguerdi partean, beste zenbaitek festan jarraitu zuten bitartean. Aipatzekoa da ere Aztekertak Euskaraz kolektiboko gazteek goizean goizetik sortu zuten giroa, haiek izan baitziren 23.Korrika egitasmo honek omendutako kolektiboa. Eta, 15.30etan, ekitaldi nagusia hasi zen. 

Ondoren, arratsaldeko protagonistek hartu zuten hitza. Ane Elordik Korrikaren koordinatzaileak, Haize Otañok eta Beñat Alzaga Bidasoako AEK euskaltegiko zuzendariak hartu zuten, hain zuzen ere, parte bertan. Oraindik ere gizarteak euskararen normalizazioaren alde egin beharreko lanaz aritu ziren ekitaldian. “Oraindik ere ibilbide luzea dugu egiteko. Euskarak ere, oraindik bigarren mailako izaten jarraitzen du”, azaldu zuten. “Azken boladan hizkuntzaren aurkako oldarraldi asko” bizi izan ditugula adierazteaz gain, “honen aurrean harrotasun osoz, euskaraz aritu behar dugula” baieztatu zuten. “Herri nahia lau haizetara zabalduko dugu, ikus dezatela euskararen herri harroa garela”, azaldu zuten. Amaitzeko, hizkuntza politika ausarten aldeko mezua ere zabaldu nahi izan zuten. 

Izan ere, Irungo AEK euskaltegiko 11 irakasleak izan ziren lehen kilometroaren protagonista nagusiak, eurek eman baitzuten lekukoa. Egitasmoaren antolatzaileen hitzetan, hainbeste urtetan “euskalduntzeko prozesuan oraindik ere lan handia duen bailara batean hizkuntzaren alde eginiko lana” saritzeko modu bat da hau. Horrek duen esanahia nabarmendu zuen Beñat Alzagak, euskaltegiko zuzendariak. “Lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena, eta, beste aldetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze lanak tinko aurrera egiteko”, adierazi zuen harrotasunez Alzagak. Lekukoa jada errepidean da, hilaren 24ean Baionara iristeko helburuarekin. Lehen kilometroetan gainera, protagonista ugari izan ziren lekukoa eramaten. Bi udalek, kirol klubek, ikastetxeek, hainbat enpresa eta auzo-elkartek… egin baitzituzten lehen kilometroak. 

Eta, arratsaldean Korrika abiatu zen arren, Irunen festak ez zuen etenik izan. Izan ere, 17.30etan festara bertaratu zirenek Urdanibia plazan zuten hitzordua, bertako ingurua girotzen aritu baitzen Burrunba Elektrotxaranga. Leku berean, Esne Beltzak ere kontzertua eskainiko zuen 19.00etan, eta 21.00etatik aurrera Bad Sound eta lagunen esku izan zen musika. Gauerdira bitartean gainera, jana eta edana ez ziren faltatu txosna gunean. 

Esan bezala, lehertu da festa, eta 11 egunetan atsedenerako tarte handirik gabe “kilometroz kilometro, eskuz esku, elkarrekin, euskaraz eta euskaratik” aritzeko tartea izango dugu euskaldunok.