'Gaur Egun' eta 'Teleberria' Sukarrietatik emitituko ditu gaur EITBk

#EKIN-klima kanpainaren baitan albistegiak AZTIren egoitzatik emitituko dira gaur eguerdian

10.11.2021 | 00:22
Eguerdiko saioak, Sukarrietatik emitituko dira gaur.

Asteazken honetan #EKIN_klima kanpainaren baitan, Sukarrietatik egingo dituzte Gaur Egun, Teleberri, Kirolak eta Eguraldia saioetako eguerdiko edizioak ETB-1en eta ETB-2an.

Zehazki, Euskal Telebistak aditzera eman duenez, AZTIren Sukarrietako egoitzatik emitituko dira. Hala, eta "Glasgowko goi-bileraren azken txanparekin bat eginez", albistegi, kirol eta eguraldiko informazio tarteak kalera aterako dira, eta Urdaibaiko AZTIren egoitzatik egingo dituzte emanaldiak, biosfera erreserban.

Izan ere, "zentro zientifiko eta teknologikoa da" AZTI, eta "inpaktu handiko eraldaketa proiektuak gauzatzen ditu Nazio Batuen 2030 GIHekin bat datozen erakundeekin". Bere helburua da "pertsonen etorkizunerako aldaketa positiboa bultzatzea, gizarte osasuntsu, iraunkor eta oso bat lortzen laguntzeko", eta itsas ingurunean eta elikaduran daude espezializatuta.

Lan hori nabarmendu eta "bizi dugun larrialdi klimatikoaren aurrean gure biodibertsitatea zaintzeko beharra azpimarratzeko asmoz", bertatik emango dute eguneko aktualitatearen berri, Glasgowko klimaren goi-bileran arreta berezia jarrita.

Izan ere, azaroaren 1etik COP26 goi-bileraren jarraipen zabala ari da egiten EITB albistegi eta saioetan. Modu horretan, egunero Eskoziako hirian gertatzen denaren berri ematen da, eta aurreikuspena da Hodei Arrausi kazetaria ere asteazken honetan bertan iristea Glasgowra, Bilbo eta Glasgow arteko bidaia bizikletan, trenean eta ferryan egin ostean. Guztira 2.831 kilometro izango dira, 12 egunetan, 0 isurketa lelopean, eta bidaiaren inguruko guztia EITBren medio eta leiho ezberdinetan jarraitu daiteke, argazki, erreportaje eta kronika ezberdinekin. Bidaldiaren nondik norakoak mapa interaktibo batean bilduta daude.

Gainera, aste hauetan zehar, ingurumena eta goi bilera hizketagai ari dira izaten En Jake, Biba Zuek!, Ahoz Aho, Nos Echamos a la Calle (Punto verde tartearen bitartez) eta Teknopolis saioetan, besteak beste. Asteburu honetan goi bilera izan da ildo nagusia Elhuyar Fundazioaren saioan, eta larunbat eta igandean larrialdi klimatikoari aurre egiteko estrategiak ere landuko dituzte.

programazio berezia


Horrez gain, Euskal Telebistak aditzera eman duenez, aurrera darrai klima-aldaketaren inguruko dokumentalen programazio bereziarekin. Modu horretan, aste honetan hiru lan berezi eskainiko ditu Euskal Telebistak: Plastikotan itotzen (Drowning in plastic), Lotsa (Vergüenza) eta azkenik, Ondorio deseroso bat: egia boterera (An inconvenient sequel: Truth to power).

Horrez gain, EITBk bat egin du larrialdi klimatikoaren gaiarekin, azaroaren 12ra bitartean Glasgown egiten ari diren goi bileraren karietara. Hala, komunikazio #EKIN_klima lelopean, kanpaina bat jarri du martxan Eitbk, eta eitb.eus/klima webgunea sortu du, ekimenaren inguruko eduki guztiekin eta Glasgowko goi bileraren informazioarekin.

noticias de deia