BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak bat egingo du ekainaren hasieran ospatuko den Green Week ekimenarekin. Horren barruan, Ingurumenaren Munduko Eguna (ekainak 5) eta Ozeanoen Munduko Eguna (ekainak 8) ospatuko dira, batik bat.

Ekaineko lehenengo egunetarako, Unibertsitateen 9 Taldea osatzen duten erakundeek Green Week edo Aste Berdea antolatu dute. Jarduera hau Ikertzaileen Europako 2021eko Gauaren aurretik egingo da, eta, haren bidez, unibertsitateek planeta jasangarriagoa bihurtzearekin duten konpromisoa erakutsi nahi diote gizarteari.

Zientzia-dibulgazioaren formatu guztiak izango dira Green Week astean: hitzaldiak, erakusketak, tailerrak (intsektu eta landareei buruzkoak, aldaketa klimatikoari buruzkoak, ingurumen-kontzientziaziokoak), flora inbaditzaileari buruzko maratoiak, ibilaldi didaktikoak, ginkanak, ihes-gelak, bakarrizketa zientifikoak, ikus-entzunezkoak… Horrek guztiak helburu bakarra izango du: gizarteari erakustea zientziak eta ikertzaileek etorkizun jasangarria sortzen laguntzen dutela. Guztira 50 jarduera baino gehiago izango dira, eta guztien protagonista, zalantzarik gabe, Lurra planeta izango da. Hurbileko giroa izango da nagusi, ikertzaileekin elkarrizketan jardun ahal izateko. Jarduera batzuk aurrez aurrekoak izango dira, eta covid-19a dela-eta kasuan kasu aplikagarriak diren protokoloak gordez egingo dira. Egitaraua G-9 Taldeko unibertsitateek prestatu dute (Oviedo, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Balear Uharteak, Nafarroa, Zaragoza eta Euskal Herria), Oviedoko Unibertsitateak koordinatuta. Egitarau osoa Taldearen webgunean dago.

Euskal Herriko Unibertsitatearen jarduerei dagokienez, ekainaren 4tik 12ra izango dira; hemen ikus daitezke.