Hainbatetan, zerbitzu publikoez hitz egiten denean, langileen eskubideetan zein bestelakoetan jartzen da arreta. Halakoetan, oso gutxitan aipatzen dira zerbitzu hartzaileak, besteak beste, herritarrak eta, are gutxiagotan, azpimarratzen da hizkuntzek kalitatezko zerbitzua emateko orduan izan behar duten eginkizuna. Horrexegatik, garrantzitsua da ofizialak diren hizkuntzetan jarduteko gaitasuna duten langile publikoak eta zerbitzuak antolatzea, herri erakundeak behartuta daudelako herritarrek aukeratzen duten hizkuntzan zerbitzua eskaintzera. Kontu hau, jakina, mailaz maila egin behar da, albait adostasun zabalenaz, baina saihestu ezin daitekeena da urratsak norabide horretan egin behar ditugula.

Herri erakundeetan ikaragarrizko aurrerakada gertatu da, bereziki, euskararen ezagutzari buruz ari garenean; erabilera, ordea, apalagoa da. Nolanahi ere, bistatik galdu behar ez duguna da langile publiko elebidunak behar ditugula baldin zerbitzua, zeinahi dela, bi hizkuntza ofizialetako batean eskaintzera iritsiko bagara. Ezinbestez, lehenetsi beharko dira herritarrekin zuzeneko harremana duten askotariko zerbitzuak… eta urratsak egin beharko ditugu atal elebidunetatik haratago, prozedurak, hizkuntza batean eta bestean barik, era mistoan, bideratzeko. Atzera-aurrera, planteamendua izan beharko da, espediente berean, gauza batzuk hizkuntza batean eta beste batzuk beste batean egin beharko direla, osagarritasuna eta eragingarritasuna bilatuz. Horrek hizkuntzetan gaitasun asimetrikoa daukan jendearen parte-hartzea ahalbidetuko du eta, orain arteko ikuskeran, paradigma aldaketa ere eskatuko du, besteak beste, hizkuntza plangintzari eta hizkuntzen erabilerari buruz berba egiten dugunean. Antzeko kontuez hitz egiten dugu, esate baterako, Hezkuntzan, Ikastetxeetako hezkuntza- eta hizkuntza-proiektuez hitz egiten dugunean, oinarrian, ez dagoelako, orain arte bezala, eredurik, lortu nahi diren helburuak baizik… eta, horretarako, ezinbestekoa da hizkuntzak gauza desberdinak lantzeko eta garatzeko baliatzea, beharrezko bilakatzea, zeinahi hizkuntzatan pertsonek dituzten zailtasunak leuntzeko behar diren errefortzuak jarriz… eta, gure hezkuntza prozesuetara adinean nahikoa aurreratuta iritsi direnen kasuan, bestelako irtenbideak pentsatu eta sustatu beharko ditugu, frustrazioa eta ezin iritsiak saihesteko.

Herri erakundeek askotariko herritarrak dituzte haien jardunaren erdigunean. Inguruabar horretan, herritar batzuk are hobeto moldatzen dira hizkuntza batean edo bestean, bizi diren eremuaren, hizkuntzekiko duten harremanaren zein bestelakoen arabera. Hizkuntzak ondo kudeatzen ditugun neurrian, herritarrak aintzat hartzeaz gain, eduki dauzkaten zailtasunetara, bizipenetara eta bizi baldintzetara hurreratzen laguntzen digu, zerbitzua are hobea izan dadin lagunduz.