Antton Goikoetxeak (Mungia, Bizkaia, 1990) orain dela 10 urte amaitu zuen Arte Ederretako gradua. Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentroan, Tabakaleran eta BiboArten ibili ondoren, musikaren munduan murgildu zen 3D-arenera pasa arte. Egun, Zeramika: Artea eta Funtzioa masterra ikasten dabil. Horrela heldu da Gasteizko Montehermoso kulturgunera; izan ere, bere azken lana, Kareharriak erakusketa, Montehermoso EHU/UPV 2024 programan hautatua izatearen fruitu izan da. Gunea, mundu digitala eta fisikoaren elkargune bilakatu da; eta, abiapuntua, izenak adierazten duen bezala, kareharria da. Erakusketa maiatzaren 11ra bitarte dago ikusgagi.
Zein izan da ‘Kareharriak’ erakusketaren inspirazio iturria?
Nire inspirazioa mundu digitaletik dator; niri asko gustatzen zait Jesse Kanda Björk, FKA Twigs bezalako artisten bisualak egiten dituen artista. Kandak ere naturaren mutazioak egiten ditu, eta hori hemen nabari da. Nahita egindako zerbait ez izan arren, inspirazioa hor dago.
Zure sortze prozesuak teknologiarekin lotura estua dauka. Zergatik erabaki duzu hain ezberdinak diren elementuak elkartzea?
Mundu fisikoarekin konektatzea gustatzen zait, hori dela eta, benetako elementuak nik egindako irudietan txertatzen ditut. Esandakoa erakusketako bideoetan ikus daiteke; izan ere, agertzen diren harrien ukiak benetako harri batenak dira, 3D modelo batean ezarriak. Horretaz gain, erakusketako paisaia bertan dagoela dirudi 360°-ko kamera batekin grabatuta baitago. Ondoren benetako leku bat erabiltzen dut 3Dko simulazio bat egiteko. Elementuen kontrastea nahita egin dut, bi erritmo eraginkorrak, naturarenak eta digitalarenak, landu gura bainituen. Alde batetik, naturaren denbora geologikoa dago, geldoa dena. Hori kareharrietan nabaritzen da, ehundaka urtez uraren higiduraren bidez egindako zuloak baititu. Bestetik, erritmo digitala dago, azkarrak eta kalkulu mikrotemporaletan oinarritzen direnak, segundoetan egindako kalkuluak, alegia.
Naturan dauden elementu guztietatik zergatik hautatu zenuen kareharria abiapuntu gisa?
Beste harri batzuk erabili arren, kareharriak izan dira gehien erabili ditudanak, asko nabaritzen baita aipatutako uraren higidura hori. Gainera, zenbat eta bihurgune gehiago eduki, ordan eta interesgarriagoak dira ateratzen diren egiturak.
Berezitasunik ba al dago elementu hauek irudikatzeko erabili dituzun teknikei dagokionez?
Nik normalean 3D-n modelatzen dut, baina, kasu honetan ez dut horrela egin. Oraingoan, harria programan sartu dut eta inprimatzeko programa batean softwareak berak harria identifikatu du. Nik elementua espazioan kokatu eta haren parametroekin jolasten dut egiturak sortzerako orduan (altuera, lodiera…); hau da, nik ez ditut formak sortzen, softwareak harriaren morfologiaren arabera erabakitzen du nondik sortu; ni bitartekaria naiz kasu honetan.
Beraz, lan prozesua aldatu duzu. Zergatik?
Nik modulatzen dudanean egitura eta alegiazko izakiak eta fantastikoan egiteko joera daukat. Erakusketan dagoen kontrastea topatu nahi nuen, benetako ukiak erabiltzea irrealak direnetan. Hortaz gain, materialtasunarekin jolastu dut. Adibidez, berez egonkorra izan beharko litzatekeen material bat likido bihurtu dut simulazioen bidez.
Zer da erakusketaren bidez helarazi nahi duzuna?
Batez ere nire kezkak. Medio digitalean lan egiten dut eta erritmo azkarrean bizi garela ohartzen naiz. Horretaz gain, garrantzitsua iruditzen zait azaltzea hodei digitalean eta erabiltzen ditugun tresna digital horietan immaterialtasuna dagoela uste dugula, baina guztia materietan oinarrituta dago. Azkenean, tresnak geologiaren menpe daude, hainbat mineral eta metal ugari behar baitituzte sortzeko, besteak beste. Erakusketak gailu digitalek oinarri geologikoa dutela azaltzen du.
Erritmo azkarrean bizi garela esan duzu. Erakusketaren atzean kritika bat dagoela esango zenuke?
Ezin dut esan kritika den edo ez, gertatzen ari den zerbait azaltzen dut. Kritikatu bainoago, nire egoera edo sentitzen dudana azaltzen dut.
Erakusketan argiztapena modu oso zehatzean kokatuta dago. Ausazkoa izan al da?
Erakusketan BilboArtekoak diren hiru pieza daude, aurreko urtean egonaldi bat egin nuelako bertan, eta, nolabait, bertan hasi nintzen proiektu honekin. Beste leku batzuetan jarrita egon dira, baina beti eguzki argiarekin argiztatuak, orduan, gardenak direnez eguzki argia sartzeaz gain, barruko harria ere ikusten da. Hainbat tokitan probatu dut argi artifizialekin, eta gardentasuna ez da nabari. Hori dela eta, erabaki nuen foku gutxi eta iluntasuna erabiltzea, pantailak berak argiztapenaren arduradunak izan zitezen.