Inprobisazio musikala melodiak, erritmoak eta harmoniak unean bertan sortzeko artea da, partiturarik eta aurretiko plangintzarik gabe. Konposatutako obren interpretazioan ez bezala, non musikariak egilearen esanei jarraitzen dien, bapateko sormenean eta soinu ingurunearekiko erreferentzian oinarritzen da inprobisaketa. Praktika horri esker, artistek ideia berrietan sakondu dezakete, isiltasunarekin, soinuarekin eta erreakzioekin denbora errealean jolastuz. Jazzetik hasi eta musika klasikora arte, inprobisazioa funtsezkoa izan da estilo eta generoen bilakaeran, eta esperientzia paregabeak eskaini ditu musikari zein ikuslegoarentzat.

Musika abstraktua entzutean entzule askok “zentzugabekeria” delako juzgua egiten badute ere, inprobisazioa musikaren funtsezko parte izan da historian zehar. Europako barrokoan, Bach eta Händel bezalako konpositoreek organo eta klabezinetan inprobisa-tzen zuten, preludio eta kadentzia bakarrak sortuz. Afrikan, ahozko tradizioak inprobisazioa txertatzen du kantu eta erritmoetan; Asian, berriz, musikariek eskalak esplora-tzen dituzte Indiako ragetan edo Txinako pentatonikoetan, gure zazpi notetatik arago. Latinoamerikan, son kubatarrak eta flamenkoak osatzen dute sorkuntza espontaneoa. Gaur egun, inprobisazioa jazzean dago, non funtsezkoa den; musika klasikoan, kontzertuen kadentzietan bereziki; eta inprobisazio askean, edozein estilo espezifikotatik at.

Inpro askea

Inprobisazio askea edo ez idiomatikoa musika sorkuntzarako tresna bat da, inolako musika hizkuntzarekin loturarik ez duena. 60ko hamarkadan sortu zen, jazzaren eta musika klasikoaren mugei erantzuteko, arau harmoniko eta melodiko tradizionalak hautsi nahian. Ikuspegi horretan, musikariek soinua bere horretan esploratzen dute eta teknika hedatuak erabiltzen dituzte, denbora errealean musika asmatzea bilatuz. Asmoa sormena askatzea da, soinu eta testurak berez sor daitezen utziz. Kontua ez da aurrez ezarritako ereduei jarraitzea, baizik eta musika unean bertan eraikitzen ahalbidetzea, interakzioak eta inguruneak soilik gidatuta eta patroien bizioetatik at. Hemen, helburua ez da “ondo jotzea”, baizik eta testura, tinbre eta dinamika berriak aurkitzea, musika aurretiko erreferentziarik gabe sortzea ahalbidetuz.

Hika Ateneoko IXO! topaketetan, inprobisatzen. M. Izarra

Derek Bailey gitarrista ingelesa jazzaren eta musika esperimentalaren konposizio eta interpretazioaren kontzeptu tradizionalak zalantzan jartzen hasi zen, aurrez definitutako araurik gabe nola sor zitekeen aztertuz (adibidez, gitarra modu ez ortodoxoan joz, kolpez). 70ko hamarkadako, Evan Parker saxofoi jotzaileak, britainiarra bera ere, free jazzaren aukerak zabaldu zituen teknika zabalduekin (arnasketa zirkularra, multifonikoak, gainpuztuak; instrumentu bat jotzeko metodo ez konbentzionalak), inoiz ikusi gabeko soinu testurak sortuz. 70eko hamarkadan, Pauline Oliveros konpositore eta soinujole estatubatuarrak “Deep Listening” kontzeptua garatu zuen, entzute sakoneko praktikak integratuz, zentzumen konexio bizia sustatzeko eta isiltasunean eta entzumenean arreta jartzeko. Korronte honek guztiak eragina izan du noisean, elektronika esperimentalean eta avant garde jazzean, musika garaikidea birdefinituz.

Euskal inpro parte hartzailea

Euskal Herrian ere, inprobisaketa eta bat batekotasuna betidanik egon dira presente, batik bat bertsolaritzan. Bertsolaritzak arau eta muga batzuk baditu ere, berehalako sormen karga handia du, eta Ibon RG bezalako ahots inprobisatzaileek ere bere mugak bilatu eta gainditzeko saiakeran diraute. Bestalde, musikari fin asko daude eta esperimentazioa oparoa da. Hala, Joseba Irazoki, Garazi Navas edota Mikel Laboa bezalako adibide bikainak ditugu euskal kulturan, konposaketaren limiteak apurtu eta lan iraultzaileak argitaratu dituztenak. Gaur egun, inprobisaketa haien programetan presente duten kolektibo eta jaialdiak daude, Donostiko Kontenedora aretoa edo Kaiola festibala bezala. Hala ere, inprobisazio hutsean fokoa jartzen dutenak ere badaude.

Bilboko Hika Ateneo espazio zabala bikaina da soinu eta mugimendu inprobisazio elkarretaratzeak egiteko. Halaxe egiten dute hilean behin IXO!n. 2022an hasita, ekimen bakoitzean emanaldi itxi bat egoten da, artista gonbidatu batena; eta gero inproa planteatzen da: parte hartu nahi duen orok, bere instrumentua montatua duelarik, izena jartzen du paper batean eta zozketaka, taldeak eratzen joaten dira. Beti ausazkoak, binaka, hirunaka, launaka, bostnaka… 15 minutuko tutti edo pout purri batean amaitzeko, guztiek parte hartzekoa. Entzutea, errespetua eta originaltasuna baloratzen dira. Bestalde, Karton Kolectifek izaera kaletarragoa du. Ane Zapirain eta Cesar López dantzariek sortua uda honetan, dantza eta musika jam-ak egiten dituzte kalean, espazio ireki eta publikoetan, hausnarketa eta elkarbanatzea ahalbidetuz. Lurrean kartoi kutxak jarriz, mugimendu oro ahalbidetzen da; beti teknikatik at, errespetutik, erantzunkizun kolektibo zein indibidualarekin mugak apurtu eta elkareragin forma berriak bilatzeko.