Jaio nintzenean, nire aitaren besoetara eraman ninduten ama erditzetik osatu zedin. Nire hatz zimelduak aitaren bular iletsuan katramilatzen ziren bitartean, hamaika istorio xuxurlatu zizkidan. Familia osoa aurkezteaz gain, hasi berria nuen bizitzan ikusiko eta ikasiko nituen kontu mordoaz aritu zen. Horien artean, urte batzuen bueltan bizikletan ibiltzen ikastean, mundua gurpilen gainean elkarrekin ezagutuko genuela bota zidan.
Une hartan ez nion bizikletarena ongi ulertu, (beno, egia esan ez nion tutik ere ulertu) baina orain etxeko laurak bizikleten gainean martxan jartzeko prest gaudela, honi buruz hitz egin zidala pentsatzen ari naiz. Aitatxo hunkitua dirudi, edo agian zerbait sartu ote zaio begian? -Bagoaz! - oihukatu du poz-pozik.
Loirarekin batera astebetez bizikletan ibiliko garela diote gurasoek, baina etxeko laurak gaude soilik eta Loira ez da inon agertzen. Itsaso urdin-marroixka baten alboan goaz. Amak dio ibaia dela, Loira ibaia, baina nik uste dut itsasoa dela, etxe alboko Deba ibaia baina milioi bat aldiz handiagoa baita. Ez, bi milioi eta bost mila aldiz handiagoa.
Lehen egunean, etorriko denaren aperitibo moduan Villandry ikustera goazela diote. Ez dago jateko ezer, ez dut aperitiboarena ulertu. Gaztelu bat besterik ez dago, lorategi erraldoi batekin eta tranpa egitea oso erreza den labirinto batekin. Ah, eta arrain erraldoiak lorategiko putzuetan!
Bagoaz, bagoaz! Super azkar noa nire bizikleta gorrian eta gainera klaxon berria daukat, pailazoena bezalakoa! Mok, mok! Hiri erraldoi batera iritsi gara, Toursera, eta bertan nire bizikleta aitarenera lotu didate, arriskutsuegia omen delako bertan nire kabuz ibiltzea. Katedralaren parean geratu gara eta sartu egin naiz. Super handia da. Super hutsik dago.
Lo egingo dugun kanpinean familia gehiago daude gu bezala bizikletekin bidaiatzen. Ume txikiak ikusten dira, batzuk titia hartzen, eta baita ume mordoa dauzkaten familiak ere. Gure kanpin denda berdea da; ondokoena, berriz, grisa. Gurea politagoa da. Nire anaia txikiari kanpina erakutsi diot, eta baita bertako hizkuntzan hitz egiten ere. Bon iur. Txokolate berdin esaten da.
Bidean goazela errepide ertzean dauden soroak zer diren esatearen jolasa asmatu dugu. “Artoa!”, gosaltzen ditugun zerealak bezala. “Mahatsa!”, niri mahatsak jatea asko gustatzen zait, baina hauek edateko direla dio amak. “Ekilorea!”, Eki gure laguna bezala. Eguzkiari begira jartzen omen dira, baina nik geldi ikusten ditut. Ziur aita gezurretan ari dela, Loira ibaiak mila kilometro luze dituela esan didanean bezala. Mila? Hori super-pilo bat da.
Gaur uharte batean egingo dugu lo. Iupi! Ibaiaren erdian dago kanpina, alde batean ura, eta bestean ere bai. Zeinen ondo! Zubitik Amboiseko gaztelu handia ikusten da, goi-goian dagoena. Bertara iristeko, a zer nolako aldapa!
Herria oso moñoñoa dela dio amak. Gaztelu alboan akordeoia jotzen duen gizonari txanpon bat bota diot. Aitak Leonardo Da Vinci delako baten hilobia bertan dagoela esan digu. Pertsona oso zaharra zen eta oso buruargia zelako hil zen. Edo alderantziz.
Aitak bidegorria deitzen dio bideari, baina ez da kolore gorrikoa, beltza da, bidebeltza. Txirrindulari pilo batekin gurutzatzen gara denbora guztian. Bon iur esaten diet. Kotxeei ez diet esaten, baina oso gutxi daude hala ere. Batzuetan bidea ibaitik urruntzen da eta gora behera hasten da, baina orokorrean bidea laua da eta bizikletaz errez ibil naiteke. Anaia txikia orgatxoan doa amaren bizikletara lotura eta ‘animo, animo’ esaten diogu aldapetan.
Blois hiriaren parera iritsi garenean eguzkiak kiskaltzen ari gintuen. Ekiloreak goraka begira egongo dira. Gurasoak penatuta daude, hiria bisitatzeko bero gehiegi egiten duela diote. Anaiak eta biok aldiz poz-pozik gaude, izozki handi bana daukagulako eskuartean. Nik koloretako bolatxoena aukeratu dut.
Kanpinera iristean “complet” (beteta) dagoela esan digute, baina txirrindularekin bidaiatzen ari garenez, lekutxo bat egin digute. Zeinen jatorrak. Atseden eguna hartu dugu indarberritzeko. Ibaian piraguan ibili gara. Zenbat txori ezberdin ikusi ditugun!
Baso handi bat gurutzatu dugu bide zuzen batetik. Bat, bi eta hiru! Lasterketa egin dugu eta irabazi egin dut. Aitatxo oso motela da. Bat batean gaztelu bat topatu dugu, Chambordeko gaztelu-puska. Erraldoia da. Supermegaerraldoia. Argazkiak atera ditut telefono deirik egiten ez duen argazki kamera batekin.
Azken eguna omen dugu, eta Meung-sur-loiren meloi goxo-goxo bat erosi ostean, pedalei nahiko eragin diedala pentsatu dut. Siesta ederra aulkitxoan. Nire anaia berdin: “Animo, animo, aitatxo eta amatxo”, pentsatu dut.
“Iritsi gara!”, oihuarekin esnatu naiz. Anaia eta biok elkarri begiratu diogu lo musuaz. Orleansen omen gaude. Gurasoak poz-pozik daude. Gu ere, izozki bat erosiko digutela jakitean. Iupi! Argazkiak atera ostean tren geltokira joan gara eta bidaiaren hasierako puntura itzuliko omen gara. Datorren oporrak berriz bizikletan. Eta izozki gehiago. Iupi!