Hainbat urteren ondoren, agur esateko unea iritsi zaio Tomaxen Abenturak antzezlanari. Joxerra Fatxado eta Oihana Maritorena aktoreek sortu zuten, eta eszenatokiz eszenatoki antzeztu dute.
Orain, aurreko abenturetako esketx kuttunak, abesti ezagunak eta une dibertigarriak bilduta, Tomaxen Abenturak - Azken festa osatu dute. Ohi baino luzeagoa egin dute agurra baina dibertigarria eta aspertzeko tarterik gabekoa dela kontatu dute bi aktoreek.
Urte luzetako ibilbidea eta gero, ‘Azken festa’ dakarzue. Azken agurra emango diozue ‘Tomasen abenturak’ antzezlanari?
Joxerra Fatxado: Joxerrak erretiroa hartuko du. 64 urte ditut eta geratzeko unea iritsi da. Pozik nago egiten dudana egiten, pailazoarena, hain zuzen. Gauza polita da, ederra jendearen irribarrea ikustea, jendeari egiten duzuna gustatzen zaiola ikustea. Baina gelditzeko unea iritsi da, hausnartzekoa. Oraingoz, Tomaxek bere bidea egiteari utziko dio.
Oihana Maritorena: Bai, elkarrekin zazpi edo zortzi urte egon dira eta gara. Abenduan agurra emango diote elkarri eta azken festan dabiltza.
Amaierarena asimilatuta duzue?
O.M.: Benetan amaitu arte ez duzu asimilatzen. Orain ere gertatzen zaigu batzuetan esatea: “Jo, gaur hemen, eta azken aldia izango da bertan emanaldia egingo dugula”. Badu emanaldi bakoitzak hortik ere, baina ez gara nostalgian erortzen. Momentu dibertigarria bizi nahi dugu ume eta helduekin.
J. F.: Ez, hori ez. Inguruak ez du asko laguntzen, egia esan. Abenduan egingo dugu azken emanaldia. Donostiako Antzoki Zaharrean festa oso polita egingo dugu eta oraindik gozatzen ari gara. Azken emanaldi eder bat prestatu dugu gure esketx politenekin, abesti onenekin eta jendea oso ondo pasatzen ari da. Pailazo bakoitzak bere emanaldi eta estiloa du eta guk gurasoekin ere asko konektatzen dugu eta oso ondo ateratzen ari da. Oso pozik gaude. Ez gaude agurrean pentsatzen, horregatik festa bat egiten ari gara. Bagoaz, baina festa batekin eta ondo pasatzen.
Ez dakitenentzat, nor da Tomax eta nor da Muxi?
J.F.: Tomax pailazo bat da, oso inuzentea. Polita da ikustea nola ume txikiak berarekin ahalduntzen diren. Jolastea gustatzen zaio, beti abenturetan sartzen da. Oso bihotz onekoa da, baina ez da ezertaz enteratzen. Muxi dauka ondoan. Berak asko babesten du eta pila bat maite du. Bien artean sekulako abenturak egiten dituzte. Berdin da azken balea salbatu behar badute, andereño bat bahitu, pelikula bat grabatu… Beti abenturetan murgilduta.
O.M.: Tomax, mutil alaia, dibertigarria eta inozoa da eta ni naiz Muxi, Tomaxen lagun ona. Asko gustatzen zaigu elkar zirikatu eta ondo pasa-tzea, baina beti zaintzatik. Hori da gakoa, elkarrekin ondo pasatzen dugu maitasunetik.
Abenturen amaierara iritsi dira. Nolakoa da azken emanaldia?
J.F.: Berezia da. Arrakasta handiko ikuskizun bat izan genuen, Azken balea izenekoa; eta bertatik esketx ba-tzuk atera ditugu. Beste emanaldi bat Andereño Kororena, eta hemengo abesti bat ezagun egin zen, hori ere hartu dugu. Baita beste emanaldi ba-tzuetatik ere. Ordubete eta laurden inguruko saioa prestatu dugu. Ondo pasatzeko emanaldia. Parte hartu behar da, abestu, mugitu, altxatu eta abar.
Ohikoa baino luzeagoa da?
O.M.: Normalean ordubete inguruko emanaldiak izaten dira eta hau ordu eta laurdenekoa da. Kezka genuen ea haurrek nola hartuko zuten, baina arin ikusi eta gozatzen dute. Azken festa prestatzen hasi ginenean bi ordu baino gehiago genituen. Pena handiz aukeraketa bat egin behar izan genuen, baina pozik gaude. Urte asko izan dira eta maite ditugun esketx asko daude. Abestiak, umorea eta goxotasuna ditu. Eta nola ez, publikoaren parte hartzea, haurrena eta helduena.
Festa eta umorea bai, baina ba al dago hunkitzeko unerik?
O.M.: Agian zirraratik punturen bat badauka eta izan daiteke azkenengo emanaldiren batean guri negar malkoren bat edo bestek ihes egitea. Baina emoziozko malkoak izango dira, malko politak.
J. F.: Amaiera aldera, publikoari eskatzen diogu aldamenekoa besarkatu dezan, nahiz eta ez ezagutu. Muxik oso ondo zuzen-tzen du eta hunkigarria da, benetan polita da antzoki oso bat besarkatuta ikustea. Gurea dantza, barrea eta poza da. Ez zaigu agurra bere horretan gustatzen, festak izaten ari dira.
Donostiako bukaera jairako festa bera edo berezitasunez egindakoa izango da?
J.F.: Ez dugu oso ezberdina egingo. Pentsatzen dugu daukaguna ondo dagoela. Jende askok eskaini du bere burua gurekin agurra egiteko eta asko eskertzen dugu. Baina, printzipioz, gurea den zerbait egin nahi dugu, gu agurtu behar garela pentsatzen dugu.
Zer da pailazo izatea?
J.F.: Ni ez noa alfertuta, pozik noa. Eman dit zoriontasuna, eman dit egonkortasuna. Gure alorra oso prekarioa da eta beste lan batzuk egin behar dituzu, baina pailazo izateak eman dit egonkortasuna eta, batez ere, poza. Eskertuta nago pailazo izateari. Egia da, pailazo lanetan ere, beste lan batzuk ere egiten ditugula: bidaia, muntaketa eta abar. Baina alai egiten ditugu. Sortu dugun hirukotea, gu biok eta Inma teknikaria, izugarria da. Eskertuta nago.
O.M.: Magikoa da sudur gorriak lor-tzen duena. Ni ez naiz sudur gorria, baina askatasun handia ematen du, gozamen hutsa da horrelako pertsonaiak egitea.
Nola gogoratzen dituzue hastapenak?
O.M.: Gogoratzen dut noiz proposatu zidan Joxerrak. Ikastolako Olentzeroren desfilean izan zen eta hor harrituta geratu nintzen; gero, oso polita izan zen. Erraz joan gara sortzen, Joxerrak esperientzia handia zuen, Tomax aurretik abenturetan ibilia zen. Pertsonaien arteko harremana ezberdina da, ni clown zuria naiz, sudur gorri gabea. Oso harreman polita egin dugu hirurok. Talde ona egin dugu eta honek dena errazagoa egin du.
J.F.: Aspaldi hasi nintzen clown izaten. Estokolmon bizi den Cesar Sarachuk euskaldun aktore ezagunaren ikastaro batean egon nintzen. Ikastaro horrek bizi osorako begiak ireki zizkidan. Hainbat tekniken artean, beste bat da clownarena, baina honen inozentzia horretatik abiatuta hain barnetik egiten dira gauzak... Niretzat bizitzan egin izan den aurkikuntzarik inportanteena izan da. Hori aurkitutakoan pentsatu nuen: “Hemendik ez nau inork mugituko”. Denok dugu clown bat, baina ariketak egin behar dira berau ateratzeko. Behin ateratakoan, bizitza propioa du, emozioak dira. Zu zeu zara, baina ez duzu kontrolatzen, barneko toki batetik atera-tzen da. Hain da benetakoa... Niretzat ezin da beste estilo batekin alderatu.
Zer erakusten die ‘Tomaxen Abenturak’-ek umeei?
O.M.: Ezinbestekoa deritzogu haurrek euskarazko eskaintza izatea. Eta bertan leku bat egin dugu: euskarazko antzerkia eta umoretik. Emanaldia ez da dantza eta musika bakarrik. Gureak gehiago dauka antzerkitik. Antzerkia ikusteko aukera ematen diegu haurrei eta, gainera, euskaraz.
J.F.: Gu xumeak izan garra horretan, dibertimentua egin nahi izan dugu. Pixka bat kritikoa naiz didaktismoarekin. Egun, dena izan behar da oso didaktikoa. Baloreak bai, transmiti-tzen dira, Muxik eta Tomaxek duten harremana, elkar lagundu eta zain-tzen dute. Muxik pila bat babesten du Tomax, bera oso koldarra delako. Azken balea salbatu behar da itsasora botatzen dugun plastikoak hilko duelako. Baina ez dira baloreak titularretan. Didaktismo horren barruan gauza aspergarriak daude. Duela gutxi, ikasle batzuekin lan bat ikustera joan nintzen eta aspergarria izan zen. Ikasleek hala ikusi eta sentitu zuten. Ez da azpimarratu behar didaktismoaren kontra gaudela, baina guk egiten duguna behintzat era naturalagoan ikus daiteke. Gurea jai bat da.
Nolakoa izan da elkarrekin oholtza partekatzea?
O.M.: Oso polita. Ni bere ikaslea izan nintzen, aspaldi, bederatzi urte nituela. Eta ezberdina da irakaslea izan edo aldamenean oholtzan, furgonetan, batean eta bestean ibiltzea. Uste dut oso talde polita egin dugula eta gustura joaten gara emanaldietara. Ordu asko dira eta ez baduzu lankide on batekin egiten sufrimendua litzateke. Asko ikasi nuen eta orain ere asko ikasi dut berarekin. Asko zor diot.
J.F.: Oihana da langilea, azkarra, eskuzabala eta ederra. Perfektua da. Tomaxek ezingo luke Muxi gabe, behar du. Oso polita izan zen, Oihanarekin lanean hasi nintzenean. Konturatu ginen biren artean, sudur gorri bat eta pailazo zuri batekin oso ondo funtzionatzen genuela. Konbinazioa ikaragarria da. Pozik eta harro nago horretara iritsi ginelako.
‘Tomaxen Abenturak’ bukatzen da. Nola begiratzen diozue etorkizunari?
J.F.: Lehenengo gelditu eta nire denbora hartuko dut. Uste dut antzerkia ez dudala inoiz utziko, asko gustatzen zait-eta. Nire pasioa da. Ez dakit nola, baina era batera edo bestera an-tzerkiarekin lotuta egongo naiz.
O.M.: Ni Txalo produkzioaren Oscarra oscarrentzat lanarekin nabil orain, udan estreinatuko dugu. Beraz, zen-tzu horretan, pozik eta gogotsu nago. Akaso, umeentzat beste proiektu bat ere izango da, baina pentsatzen dut Muxi bukatuko dela. Egia da ez dudala denborarik hartu horrretan pentsatzeko. Eta uste dut denbora hartu eta orain pentsatzen ez badut gero zailagoa izango dela. Baina polita litzateke Muxi itzultzea; ikusiko dugu.
Zer nolako erantzuna izaten ari da ‘Azken festa’?
J.F. Oso ona. Indartsu hasi ginen eta oraindik ere saio asko ditugu ekainean, udan, udazkenean eta abenduaren 26tik eta 30era bitartean; amaiera beteta daukagu. Erantzun polita, maitagarria jasotzen ari gara.