Amaitu berri den astean bolo-bolo ibili dira unibertsitatean sartzeko proban epaimahai jakin batek Euskara eta Literatura ikasgaiko azterketak balioesterakoan izan duen jarreraren inguruko iritziak. Denetarik entzuten izan dugu: nota bera ipini ote zaien azterketa guztiei, ezinezkoa ote den azterketari guztiek hain azterketa txarrak egitea, euskarako notagatik, batezbestekoa egiteko balio duelako, kaltedun irten ote diren estatuko gainerako azterketariekin alderatuta, azkenok euskara ikasgai ez dutelako…
Hori ikusita, bisita bat egin dut estatuko araubide erkideko Gaztelania eta Literatura ikasgaiko irakasleen iritzia zein izan den jakiteko. Adibide bat ipintzearren, berezko hizkuntzarik ez duen Extremadurako irakasle baten edo batzuen (berba egiten duenak beste irakasle batzuen izenean diharduela baitio) iritzia jaso dut. Bada, zioak nahiko berdintsuak dira, batez besteko notaren argudioa kenduz gero. Kontua, benetan, “bitxia” da, Extremaduran inork ez duelako gaztelaniako nota aitzakia gisa ipini batezbestekoa lortzeko.
Edade bat dugunok, ikasketak gaztelaniaz egin ditugunok badakigu, eta berezko hizkuntzarik ez duten autonomia-erkidegoetako hiztunek badakite gaztelaniaz ulertzen bazuten ere, gaztelaniaz hitz egiten bazuten ere eta gaztelaniaz idazten bazuten ere, gaztelania suspenditu ahal zela, nire ikasle garaiko ikasgairik gogorrena baitzen matematikekin batera: gauza bat zerbait egitea baita, eta beste bat, arras bestelakoa, ondo egitea… edo egiten jakitea baita.
Inork ikusi ote ditu azterketak notaren inguruko iritzia emateko? Nik ez ditut ikusi, baina uste dut aztertzaileek euren nota justifikatzeko lain lan egin dutela, bestela sistemak berak krakateko negargarria izango bailuke. Hala ote da? Ostera, Euskara eta Literatura gainditu ez duten ikasleetako bat entzun dut euskaraz egiten (zehatzago esanda, euskaraz egin nahian), eta hitz egin duen bezala egin badu azterketa, ez dut uste aztertzaileak asko erratu direnik.