Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Hipotesi guztiak

Espainiako epaileek badihardute ikertzen Rodríguez Zapatero, Espainiako Gobernuko presidente ohiak Plus Ultra erreskatatzeko izan ei zuen partaidetzagatik. Espainiako Erresuman, berriz, kontu handiz ibili behar dugu epaileen jardunarekin, alderdi politikoen esparrutik at jardun barik ikuspegi politiko jakin bateko alderdi baten edo biren aldeko jarrera dutela erakutsi baitute behin baino gehiagotan.

Horregatik, hedabideek (Felipe Gonzálezek deituriko “iritzi argitaratua”) esaten duten guztia zalantzan jarri behar da; hainbat kazetarik eta batez ere euren ugazabek gidatzen eta erabiltzen duten informazioak badu helburu alderdikoirik. Horregatik, lehenengo hipotesiaren arabera, edozein demokraziatan beharko lukeen legez, aurkakoa frogatu arte, Rodríguez Zapatero errugabea dela sinetsi behar dugu. Bestela jardutea zuzenbideko estatuaren aurka aritzea da. Gaur egungo hedabideetan, ostera, ematen du zenbait pertsona, alderdi politiko jakin batzuetakoak badira, berez direla errudunak.

Beste hipotesia Rodríguez Zapatero bere gizartearen fruitu naturala izatea da. Alde horretatik, behin baino gehiagotan erabili dudan obra kolektiboaren metafora aipatu behar da. “Tormesko itsu-mutila” dugu gizarte espainiarraren izaeraren adierazgarririk behinena. Halandaze, Rodríguez Zapatero jaio ez balitz haren pareko bat jaioko zatekeen eta gauza bera egingo zukeen. Bide batez, zer jazo da Madrilgo Erkidegoko presidentearen mutil-lagunarekin? Zer jazo da Jose Maria Aznarren Gobernuko bozeramalea izan zen eta egun Madrilgo Erkidegoko Kabineteko zuzendaria denarekin?

Zer jazo da Leóngo Villamanín herriko jaien batzordeko arduradunekin eta Igorreko Arratiko Zekorra errugbi-taldekoekin? Ala batzuen errugabe-usteak eta besteenak ezberdinak dira? Ala nork zer egiten duen halako iritzia daukagu? Hipotesi guztiak daude zabalik, baina hau gailentzen doa: zenbait alderdi politikotako buruzagien jardun kaindarrak politika demokratikoaren akabera ekarriko du.