Síguenos en redes sociales:

Mirari txiki bat

Gogoan dut nire seme-alabak txikiak zirenean zelan joaten nintzen kaletik, seme nagusia besotik tenka eginez, ni beste besoarekin alaba txikiaren gurditxoari helduta… Bat ur eske, bestea oinak arrastaka, eta ni esku batekin dena eusten saiatzen, eta bestearekin poltsan paperezko zapi bat edo ur botila bat bilatzen... Gogoan dut loaren, kezkaren eta nekearen karrusel batean murgilduta nindoala aurrera, egoera hori bizi izan dutenek bakarrik ezagutzen duten superbibentzia modu horretan. Eta gogoan dut inoiz gurutzatu nintzela beste emakumeren batekin eta sentitu nuela berak bakarrik ikusten ninduela. Besteek ez bezala ikusten ninduen, egoera horretatik igarotzea zer den batek bakarrik ikusi zaitzakeen modu batez. Besteentzako nahiko ikusezina nintzen bitartean, berak ikusten ninduen: bai, nik ere badakit zer den hori esanez bezala.

Horrela gertatu izan zait bizitzan beste egoera batzuetan ere, jendetzaren artean bakar batek bakarrik ikusten nauela sentitzea. Horrelako beste une bat erditu berritan bizi izan nuen, ospitalera lehen bisitak iristen hasi zirenean. Gehienek, zorionak eman ondoren, korrika abiatu ziren haurra ikustera. Baina begiratu zidaten guztien artetik batek bakarrik ikusi ninduen benetan: nire amak. Gelan sartu zen eta, sehaskara hurbildu baino lehen, zuzenean begiratu zidan. Zer moduz nengoen galdetu zidan, eskua iletik pasatu zidan haurra nintzenean bezala, izararen tolesturak lisatzen saiatu zen… Horren guztiaren ondoren hurbildu zen haurtxoarengana. Nire amak, une hartan, ni ere jaio berria nintzela sentiarazi zidan.

Denborarekin konturatzen zara bizitzan jende askok begiratzen dizula baina ez zaituela ikusten; baina badagoela benetan ikusten zaituen jendea, zure azala ikusteaz gain, zure barne territorioa ere ikusten duena, atzematen duena. Gutxi izaten dira, baina ez da beharrezkoa asko izatea. Nahikoa da horrelakoak existitzea. Ikusia izatea egunero gertatu daitekeen mirari txiki bat delako.