Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Aberri Eguna

1932. urtean ospatu zen lehenengo Aberri Eguna. Euzko Alderdi Jeltzaleak euzkotarron aberria Euzkadi zela aldarrikatu nahi izan zuen, eta euren burua euzkotar legez zutenei dei egin zien gure aberria plazan aldarrikatzeko. Zergatik ezkutatu nahi da orduko ekitaldia? Zergatik ez da onartu nahi Euzko Alderdi Jeltzalea izan zela Aberri Egunaren sortzailea eta urterik ilunenetan ere hari eutsi ziola? Atrikuluak eta amarruak ugari izan dira urteotan zehar.

Pizkunde Igandean ospatzea ez zen halabeharra, ez zen edozein efemeriderekin suertatu zen denborapasa. Euzkadik ez zuen eretirik horretarako. Aberria hil aginean zegoen eta urte hartan berpiztu nahi izan zuten jeltzaleek, Jose Antonio Agirre Lekube eta beste diputatu jeltzale batzuk tarteko, Foru Hiribilduan. Eta EAJk bakarrik ospatuko zuen Aberri Eguna 1937ra arte. Horrek ez du esan nahi EAJk bakarrik ospa dezakeenik Aberri Eguna. Betiere, herri eta aberri baten pizkundea aldarrikatu nahi zuen euzkotarren aberria Euzkadi zela aldezten zuen alderdi bakarrak.

Urteak garrenean, batzuek, gomuta laburrekoak ei diren horiek, 1974ra arte eroan nahi dute Aberri Eguna. Ahaztu egiten dute EAJren ekinbidea izan zela eta, Francoren urteetan, Euzko Jaurlaritzak hartu zuela horren aitzindaritza, ahalik eta euskaldun gehienak batzeko. Bitartean, kalkulu alderdikoiengatik-edo beste indar politiko batzuek bat egin zuten Aberri Egunarekin. Areago, 1976. urtean Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako alderdi politiko gehienek bat egin zuten “autodeterminazio”aren aldarrikapenarekin. “O tempora, o mores”.

Urteak garrenean, ostera, ematen du urte askotan eta askotan zapalduta egon den baina bere buruari zutik eutsi nahi dion herri honetako zenbait norbanakok eta entitatek ez diotela garrantzirik ematen aberriari. Abesti zaharra dakarte: aberrigabeak dira edo behartsuek ez dute aberririk edo horrelako esaldi hutsak nahiago dituzte. Gehienbat ez dutelako onartu nahi euren aberria ez dela Euzkadi. Biote egia!