Udaberriaren koloreak hedatzen ari dira bazterrik bazter. Zuhaitzei kimu berriak irten zaizkie eta horietarik asko loretan dira jada. Berdea da nagusi gaur egun. Tira! berdea eta laranja ere bai. Trump izokin koloreko handipotak, belarriko zolda baino eskasagoa denak, parametro geopolitikoak aztoratzen segitzen du. Zerbait esaten duenean, munduko burtsa guztiak dardarka hasten dira. Ahotik joanda ibiltzen da eta gaur esaten duena bihar gezurtatu beharko du. Ez dakit zergatik ematen zaien oraindik fidagarritasunik bere berbei.

Ekialdean zabaldu duen kolorea beltza da, petrolioari gordetzen dion maitasuna ez baita bihotz gorri koloreko batean kabitzen. Berak denak beltz ikusten du, petrolioaren kolorea magikoa baita berarentzat. Beltzarekin batera urre koloreak ere ñir-ñir egiten dio begietan, burtsa erabiltzen baitu atarramendu ekonomiko itzelak poltsikoratzeko eta are aberatsago bilakatzeko. Arbilorea ematen du, baina negozioetarako begi onekoa da, faltsukeriaz blaiturik, noski!

Koloreekin segituz, aste honetan irakurri dut Amazoniako oihanean egindako ikerketa batek ondorioztatu duela tximeletek dituzten kolore zoragarri horiek apaltzen ari zaizkiela, denak marroiago bihurtzen ari direla. Dekolorazioa jasaten ari dira. Badirudi mundua ere monokromatikoago bilakatzen ari dela zoritxarrez. 

Kolorea galdu ez duena Korrika da, euskararen aldeko ekimen sozial zoro bateratzaile polikromatikoa. Zeharkatzen duen herri bakoitzean kolore guztiak piztu egiten dira gure hizkuntzaren babesean. Korrikak euskararen geografia eta Euskal Herriaren mapa pintatzen ditu kilometroz kilometro, eta gu, dugun kulturaz harro, gure mundu horren jabe sentitzen gara, gure hizkuntza lau haizetara zabalduz eta aldarrikatuz.

Egun gutxi batzuk falta dira eskuz esku ibilia izan den lekukoa mintzatzen has dadin. Barruan mezu hunkigarria ekarriko du. Korrikak bere tipi-tapa geldituko duen Bilbo hirian euskararen aldeko eztanda dezibelio askotakoa izango da seguru.

Azken egunak dituzue euskararen alde korrika egiteko. Berotu, eta irten koloretsu!