Síguenos en redes sociales:

“hik hasi 2026” (eta II)

Esaten nuen aurrekoan, ohi bezala zorionez, lagun on baten eskutik, iritsi dela nire eskutara “hik hasi”, oraingoa bere 304 zenbakia, aurtengo lehen alea hain zuzen; beti bezala guztiz interesgarria hezkuntzan ibili garenontzat behintzat. Zazpi urte erretiratu nintzela, jubilatu alegia, baina nire zain eta arteriotan odolarekin batera hezkuntzaren gorabehera guztiak dabiltza eta dabilzkit igerian. Aldizkariaren azalean hauxe irakur dezakegu “Hezitzailean non, haurra han” kilikagarria guztiz eta benetan. Bigarren saio honetan jarraipena emango diot aurrekoan esandakoari. Alizia Fernandezen ondoren Xabier Sarasua dugu Iraleri buruz bere gogoeta eginaz. Hileko irudia sailean Mikel Agirrezabala datorkigu gai gihartsu batez ari zaigularik: Euskaltzaleok antolatzeko, batzeko eta pizteko deia. Ondoren gai nagusia dena ale honetan, eta azalean irakur daitekeena: Hezitzailea non, haurra han. Olatz Lasagabasterren eskutik hortxe ditugu Alvaro Bañaran, Teresa Neira, Eider Garde eta abar. Sevillako Unibertsitateko irakaslea den Maria José Lerari elkarrizketa luze bezain guztiz interesgarria, honi heltzen dio: ez dago ume alferrik, motibaziorik gabeko umeak baizik. Ni ere gogoeta eta baieztapen horren aldekoa izan naiz beti, eta horretan jarraitzen dut. Hainbat esperientzia ere aipatzen ditu ale honek: Ikasleak erdigunean jarriz, horretan dihardute Endika Apalategi irakasleak, Jexux Larrañaga ikasketaburuak eta baita Xabat Azkue ikasleak ere. Genero ikuspegiaz ere ari zaizkigu Deustuko Unibertsitateko Ingeneritza Fakultateko irakasleak diren Mariluz Guenaga, Pablo Garaizar, Andoni Eduiluz eta Ohiane Zarate. Danimarkara doazkigu bidaian, ongizatetik ikastera. Eta amaitu aurretik Nikolas Blain, Euskal Moneta elkarteko koordinatzailea Euskoaz ari zaigu, hemengo ekonomiaz hain zuzen. Ale hau Endika Apalategirekin amaitzen da: minbiziaren aurrean, kolorea jartzen diogu itxaropenari leloarekin. Ale bikaina honoko hau, oso beharrezkoa, guztiz eskertzekoa. Aurrera. Beti. Bi muxu Nora.