HORRALAXE iritzi zion Sabin Polikarpa Arana eta Goiriri Gabriel Aresti Segurolak olerki batean. Bihar 123 urte beteko dira gaur egungo abertzaletasunaren aita jaio zela. Baliteke Sabin Aranak uste baino luzeago irautea euskal abertzaletasunak, euzkotartasunak. Baliteke berak mehatxu gisa ikusi zituen osagaiak euskalduntasun, euzkotartasun, berriaren ezinbesteko osagai bihurtzea. Bai, baliteke: bai horiek, bai beste osagai asko ere. Horregatik beragatik orduko gizona hartu behar da aintzat, ez gaur egungo neurgailuen arabera.
Gabriel Aresti Segurolak berak, Sabin Polikarpa jaio zen etxetik hur jaio zenak, onartu egiten du haren itzala. Ez du bat egiten Sabinen ideia batzuekin, baina umetan euskara ere badela eta berak hori bazenik ez zekiela bereganatu zuenean, Sabin Polikarpa erreferente zaio. Ezinbestean. Iaz 50 urte bete ziren Abandoko Usoa hil zela. Abandoko kume biak, arranoa eta usoa, hegaldaka joan zitzaizkigun, baina geugan gelditu dira. Geugan diraute. Eta guk eurongan diraugu.
Hartan-horretan, Abandoko Arranoak negarrez ikusi zuen aberria aldeztu egin zuen Abandoko Usoak bere aitaren etxea defendatu nahi izan zuenean. Abandoko Arranoak Larrinagako kartzelan eman behar izan zuen bere bizitzaren tarte ez labur bat. Abandoko Usoak, berriz, bere sasoian barru-kartzela bizi behar izan zuen bere aberkideen artean, Santa Teresaren antzera. Arestik berak aitortu zuen legez, barru-erbestea onartu zuen, Abandoko Arranoak behin baino gehiagotan azaldu zuen eran.
Eta bihar, Jaungoikoaren graziako 2026ko urtarrilaren 26an, San Tito eta San Timoteoren egunean, gomutan hartu behar dugu azken hau, San Timoteo. Haren aita greziarra zen, eta haren ama, berriz, judegua. Eta gizonezko katigatu horrek, San Pauloren dizipulua izanik, guganaino heldu den mezua zabaltzen lagundu zuen, Sabin Polikarpak eta Gabrielek, nork bere erara, egin zuten moduan. Eta guganaino heldu dena ez ote diegu geure ondorengoei emango? Hain odolgalduak izango ote gara?