Donald Trumpek Venezuelan egin duenak ez du izenik. Betiere, ez gaitu horrek harritu behar. Gomutatzen zara, irakurle hori, Barack Obama Estatu Batuetako presidente ohiak zelan inbaditu zuen herrialde beregain bat eta agindua eman zuen Osama Bin Laden erailtzeko? Gainera, eraildakoaren gorpua prozesio-aitzakia izan ez zedin, itsaso zabaleko hondora jaurti zuen. Horixe da kristautasun berezia. Horixe da nor Jaungoikoa dela uste izatea. Ba, horixe. Lehengo lepotik burua.
Jaungoikoaren sindromea duenak uste du bera ahalguztiduna dela, orojakilea dela, nonahikoa dela, eta gizaki guztien gainetik dagoela. Horixe uste dute sindromedun horiek. Sindrome guztiek dute euren eragina, baina horietako batzuk askozaz galgarriagoak dira beste batzuk baino. Adibidez, Jaungoikoaren sindromea pairatzen duenak ez du zalantzarik: berak egiten duena ona, egin beharrekoa eta guztien mesederakoa da, eta ‘txarrak’ akabatzea ezinbestekoa da. Ezerk ez dio, Jaungoikoa erratzen ez da eta.
Hartan-horretan konturatzen gara gizagaixook film hau daborduko ikusita dugula behin baino gehiagotan zenbait izenbururen azpian bada ere. Horrelaxe konturatzen gara Trumpek eta Putinek ezaugarri hau partekatzen dutela: euren interes bereziak aldezteko behar den guztia (hori edozein dela ere) egiteko prest daudela. Eta bidean zuk ezkerreko bidaidea akabatzen baduzu (Ukraina) nik eskuinekoa akabatuko dut (Venezuela). Biak dira lapur neurrigabeak. Biek ostu dituzte inoren ondasunak.
Trumpek, Jaungoikoa delakotan, Groenlandia ostu nahi dio bere lagun usteko bati. OTAN sortu zen Varsoviako Itunari aurre egiteko, baina NATOren sortzaileetako inori ez zitzaion burutik igaro aliatuen lurraldeak aliatuek eurek inbadituko zituztenik. Eta Jaungoiko usteko horrek badu konpondu ezineko arazo hau: burutik ere ez zaio igarotzen egiten duena egiteko eskubiderik duen ala ez. Egin dezake, egiten du. Bide batez, zertan dabil Nazio Batuen Erakundea?: Nazioen Sozietatearen ildo beretik.