Urteak dira “kontaketa”ri buruz hitz egiten hasi zirela. Nik behin eta berriro entzuten izan dut aipamen hori, baina nork ezarri behar du kontaketa hori? Izan ere, gertaerak eurak izanagatik, gertaerok nork zelan azaltzen dituen, hortik ondorio erabat ezberdinak atera ditzake kontaketa entzuten duenak. Eta horrela gabiltza azken urteotan, krimena dena arinduz, egin behar ez dena zurituz, eta, azkenean, erantzukizuna duenak ardurarik hartu nahi ez duela.
Iñigo Urkullu lehendakariak asteon esan du pedagogia egin behar dela. Haren berbak ezker abertzalearen arloko gazteek eta ez hain gazteek inoren iritziak ez errespetatzeko duten joeraren gainekoak izan dira. Egia da: hiltzeari uztea ez da indarkeria desagertzea. Inoren eskubideak zapaltzen dituenaren gainean erantzukizunik hartu nahi ez izateak ez du erakusten nork joera hori nahita aldatu duenik, ezpada joera hori kalkuluaren bidez edo komenentziaz hartu duela.
Beste muturretik, gainera, kontaketa ez da mezua, kontaketaren kanala baino. Extremaduran Voxek eta Unidas por Extremadurak gora egin dute, lehenengoak batez ere. Arestian esan dut Weimarko Errepublikaren 1933. urtea geroago eta hurrago dugula, eta Espainiako Erresumako alderdi nagusiek uko egiten diotela euren erantzukizunari. Italia, Herbehereak… Europako herrialde gero eta gehiagotan eskuin muturra hazten doa eta, Angela Merkelek Alemaniako eskuin muturrarekin jokatu zuen moduan jokatu beharrean, ohiko alderdiek muturretakoak baino muturrekoagoak izan nahi dute. Errakuntzaren handia!
Etorkizuna gazteriaren eskuetan dago (hala dioskute behin eta berriro); bada, hori egia bada, gazteek argi erakutsi dute higuinak hartuak daudela politika ustelarekin, eta sentimendu hori kanaletik dator. Kanala da mezua ematen duena; gazteen informazio-kanala ez da ohiko alderdi politikoek darabiltena, eta hor muturretakoak dira nagusi. Mutur batekoek eta bestekoek eroso dihardute eta diraute. Noren eskuetan daude kontaketa eta pedagogia?