Azken hilabeteotan, pertsonaia famatuek sinatutako memoriez bete dira liburu-dendak: Isabel Preysler, Juan Carlos I Espainiako errege emeritua… Denek kontatu nahi dute “euren egia” hil baino lehen. Suposatzen dut zahartzarora heldutakoan norberaren bizitza nonbaiten jasota uzteko tentazioa handia izango dela, eta batez ere gertaeren bertsio bakarra eta “egiazkoa” finkatzeko beharra nagusitzen dela guztiaren gainetik. Memoriak, hala, kontrol narratiborako tresna bihurtzen dira.

Memoriak eta fikzioa ezberdintzea zaila da askotan, izan ere, memoriak errealitatea jaso baino gehiago, errealitatea berreraikitzen baitu, denok geure buruan egiten dugun bezala. Hala, bakoitzak komeni zaiona aukeratzen du memorian finkatzeko, lekukotasuna baino gehiago interpretazioa direla argi erakutsiz.

Izan ere, fikzioan bezala, memoriak idaztean aukeratu egiten da. Zer kontatu, zer ez. Eta normala da bakoitzak bere burua eta bizitza ederrago erakusteko egiten duen saiakera baina arazoa ez da izaten hori. Zergatik dira memoria liburuak beti hain polemikoak? Ba norberaren bizitza kontatzean, beti kontatzen dugulako besteena ere, hau da, inguruan izan ditugun guztiena. Eta zientzia fikzio emozional horretan zaila da asmatzen besteek euren buruaz erakutsi nahi duten irudia.

Memoria liburu bat da adibide ezin hobea ikusteko errealitate bera leku ezberdinetatik oso ezberdin ikusten dela. Nondik begiratu, errealitatea beste bat da. Batentzat traizioa izan zena, bestearentzat beste norbaiti laguntza eskaintzeko hartu beharreko erabaki bat izan zen. Batek maitasun keinu gisa gogoratzen duena, bestearentzat agian ez zen inoiz halakoa izan.

Egia da norbaiten memoria jasotzen duen liburua beti izango dela ispilu deformatu bat, baina, hala ere, iruditzen zait azpian beti erakusten duela egia. Batzuetan gure gezurretan, ezkutatu nahi ditugun guzti horietan, ikusten baita gure benetako egia.