Aurtengo San Bonifazioren egunean berrogeita hamar urte bete dira Gabriel Aresti Segurola 41 urterekin hil zenetik. Zoritxarreko gertakari hori gomutatzeko (ez ospatzeko), Euskaltzaindiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Gabriel Aresti Kultura Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Bilboko Koral Elkarteak, BBK Fundazioak eta EITBk erakusketa ederra babestu dute urriaren 7tik azaroaren 7ra Bizkaiko Foru Liburutegian.
Hori dela eta, hilaren 14an, datorren asteartean, Bilboko Usakumea 1933. urtean jaio zen egun berean, aurkezpen instituzionala egingo dute goian aipatutako instituzioek eta entitateek euskal poesia irauli zuen bilbotar olerkariaren omenez. Izan ere, ekitaldi hori Euskaltzaindiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute. Egun horretara bizirik heldu balitz, 92 urte beteko zituzkeen poesia herriari debalde itzultzen zion olerkariak. Erakusketaren xedeak, berriz, Gabriel Aresti Segurola omentzea eta gogoraraztea dira.
Izan ere, bilbotar poetari omenaldia egitea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Behar-beharrezkoa da Aresti eta haren lana balioan jartzea; noraezekoa da Aresti nor den euskal belaunaldi berriei agerraraztea. Premiazkoa da oso euskal gizarteari gogoraraztea “San Simon eta San Juda” eta “Guk euskaraz, zuk zergatik ez?” abestiak Bilboko olerkariaren lanak direla edota haren olerkietan dautzala. Premiazkoa, noraezekoa eta behar-beharrezkoa da hori guztia egitea; horretara ezkero, zein irteera hobea haren bizitzako zertzeladak eta olerki-lanak agertzea baino?
“GA50 ba(GA)rik” ekimenak, hartan-horretan, gomutara dakarzkigu Meli Basurtukoa, bihotz barrenetik maite zuena, Bilboko burdin-lantegietako poeta, antzerkigilea eta Shakespeareren eta Cervantesen itzultzailea izan zena, Jurgi Oteitzaren eskultura ulertu ez zuena, madarikatua izateko prest zegoena, bere izena ezein kaleri ez ipintzea nahi zuena, euskaltzaina izan zena… Horregatik oihuka dezakegu: Gabriel Arestik bizirik dirau!