Sotiltasuna. Israelen sotiltasuna adreilu batek leiarra jotzen duenean ateratzen den zarata bezain biguna da. Hamasen sotiltasuna, berriz, azeriak oilatokian oiloak lapurretan sartzen direnean ateratzen den zaratotsa bezain leuna da. Juduen arrazoiak pilotaleku bateko hormaren kontra jotzen duen pilotaren joskurak bezain ortodoxoak dira. Hamasen burubideak, berriz, trenbideko horma baten kontra jotzen duen burdinaren azalera bezain gogorrak dira. Sotilak biak.
Gorrak. Israeldar eta palestinarrak gorrak dira. Esaten dutenetik, gorrek moldaberagoak, ausartagoak eta setatsuagoak izan behar dute gorrak ez direnek baino, azkenok heltzen diren lekuetara iritsiko badira. Era berean, Israelgo Gobernua eta Hamas setatsuagoak, ausartagoak eta moldaberagoak dira elkarrenak baino. Gorren moduan, batzuek eta besteek uste dute beste guztiek haien gainean txarto dihardutela; halandaze, aldarte kaskarreko dira. Zail-zaila da haien artean akordioa lortzea.
Konfiantza. Konfiantza birjintasuna bezalakoa da; behin himenaren mintza urratuz gero, ezinezkoa da berriro osatzea, nahiz eta kultura batzuetan himen-konpontzailearen ogibideak zeregin asko eduki. Betiere, himena urratuz gero, behin betiko urratuta dago. Konfiantza ispilua bezalakoa da; behin ispiluaren leiarra hautsiz gero, betiko dago hautsita. Txatalak elkarri itsasten ahaleginduagatik, ispiluaren txatal guztiak berriro itsatsi arren, ispilua hautsita dago. Horrelaxe dago Israelen eta Palestinaren arteko konfiantza.
Kopuruak eta pertsonak. Hildakoak albistegietan kopuruak dira, baina albistegietatik harantzago doaz hildakoak: pertsonenganaino heltzen dira. Ze axola zien palestinarrei Hamasek 2023ko urriaren 7an 378 israeldar bahitzeak? Ze axola die israeldarrei ordutik hona 60 000 palestinar baino gehiago hiltzeak? Kopuru hutsak. Hala ere, niri aita, ama, anaia, neba, arreba, ahizpa, aitita, amama bahitzen edo hiltzen badidate, orduan kopuruetatik pertsonengana heltzen naiz: gorrotora.