Síguenos en redes sociales:

Suhiltzailearena

Galiziako suhiltzaile batek, suteen aurkako lanaren kronika moduko bat plazaratzeko ohitura duenak, zera idatzi zuen egun batean sare asozial horietako batean: “Bocadillo+agua pequena+cocacola. Somos os primeiros que sabemos que está a cousa moi dificil, pero... Que opinión tendes do avituallamiento do día de onte?”. Hala moduzko (eskuzabal izanda) ogitartekoaren bi argazkirekin zetorren testua. Erantzun gehienetan jendeak elkartasuna adierazten dio suhiltzaileari, baina badira beste tankera bat hartzen duten iruzkinak; eskuineko irrati ezagun batek, adibidez, zera dio: “Mientras, no os entendamos el resto de españoles, cómo podremos ayudaros?”. Testua dagoen bezala kopiatu dut, koma bitxi horrekin eta guzti. Astakirtenenak ere uler dezake galizieraz idatzitako zatitxo hori, eta guztiok dugu eskura sakelako telefonoa itzulpena klik pare batekin lortzeko. Baina gorrotoa ororen gainetik dago. Gorrotoa, bai, ez dago beste hitzik.

Atzokoan bertan lagun batek kontatu zidan suhiltzailearenak (den-dena egiaztatu dut), eta hainbat pasadizo gogoratu genituen, tartean zerbitzari harena, kontua eskatu ziotenean “dezaoito euros” esan, eta galiziera ulertzen omen ez zuten bezeroen kexa arranditsuak entzun eta gero (Espainian gaude eta abar), beste zenbaki altuago bat gaztelaniaz ematean, galiziera ulertzen omen ez zuten horiexen “¿pero no habías dicho dieciocho?” salataria jasan egin behar zuena. Hamaika dira adibideak Galiziatik atera gabe.

Ez dira iritsi berrienek hizkuntzekin arazo gehien dituztenak, kasuak eta kasuak egongo dira, nola ez, baizik eta ideologia nazionalista espainiarra erraietan eramaten dituzten horiek, “egun on” bat entzun eta buru-belarrietan erremina sentitzen dutenak gaixorik jartzeraino. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten dugunok ezjakinak gara horientzat, baldarrak; gaztelania ez den beste hizkuntza bat erabiltzea, iraina, ia-ia iraingarriagoa delako hizkuntza hori gutxiago edo gehiago uler badaiteke ahalegin apurtxo batekin. Horrelakoa da egoera, ez gaitezen engaina.