Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Gaza behin eta berriz

Gazaz idatzi al duzu berriro?”, esan zidan asper-asper eginda lagun batek orain dela aste batzuk; gero, jakina, idatzi beharreko gaien zerrenda luzea aletu zidan. Niri, aldiz, iruditu zitzaidan, oraindik iruditzen zait, gutxi idazten dudala Gazaz, gutxi egiten dudala Gazan gertatzen ari den genozidioaren aurrean. Askotan ikusi dugu egun batean izugarritzat jotzen dugunak gaurkotasuna galtzen duela apurka-apurka premia munduko beste txoko batera joan delako. Ez da hori Gazako kasua, Israelgo estatuak egunero erakusten baitigu ez duela neurririk. Hasierako bonbardaketak asaldagarriak ziren, eta, berehala, asaldagarriagoak eskolen bonbardaketak, eta ospitaleena, Israelgo armadaren aginduak jendea harat-honat bidaltzeko, hildakoen eta zaurituen kopuruak (etengabe handitzen direnak), ume gosetuen irudi lazgarriak... Zerrenda hori luzea da benetan.

Aste honetan kazetari batzuen hilketa izan da albiste nagusia, baina Israelek hasieratik hil ditu kazetariak Gazan, ez du lekukorik nahi, eta nahiago du munduak gauza batzuk ez ikustea. Aldiz, janari bila doazenen irudi horiek, jendea korrika, bata bestearen gainean pilatuta, elkarrekin borrokan, kamioia iraulita, irin edo arroz zakua bizkarrean eta aurpegia odoletan, hautsa edonon, maite ditu Israelek, Gazako jendeari, horrela, gizatasuna kentzea errazagoa delako: begira, animaliak bezalakoak dira, elkarri lapurtzen diote janaria gero garesti saltzeko. Animaliak bezalakoak direla esatetik animaliak direla esatera urrats txiki bat baino ez dago, eta animaliak tirokatzea ez da, azken finean, hainbesterako. Laguntza humanitarioa (sic) nahita gaizki banatzea gerrarako arma da, beste bat, bonbak bezain hilgarria. Ez dakit nik, gurean garraio publikoann edo supermerkatuko ilaretan batzuetan ikusten dena ikusita, zer egingo genukeen guk geuk horrelako egoera batean.

Agian hurrengo astean lagun berberak aurpegiratuko dit Gazaz, eta ez txosnak bezalako gai hil ala bizikoaz, demagun, idatzi izana berriro ere. Uste dut hau ez dela, tamalez, azkena izango.