Nire lagunak, txikitan, askotan galdetzen zion amari: zein da inportanteagoa, izeko bat ala lehengusina bat? Zein da inportanteagoa, auzoko bat ala gelako lagun bat? Bere harreman ezberdinen balioa kuantifikatu nahian ibiltzen zen. Jakin nahi zuen bere harremanen artean, zeintzuk ziren ofizialki inportanteagoak eta zeintzuk gutxiago, zeinekin zegokion lotura handiagoa. Amak erantzuten zion harreman bakoitzaren araberakoa dela hori, izan dezakezula lehengusina batekin urruneko harreman bat, eta, aldiz, senidea ez den lagun batekin harreman estuagoa; edo, izeko batekin sekulako harremana eta beste batekin erlazio hotz eta uruneko bat.
Nire lagunak txikitan zuen obsesio hau gogoratu dut “lagunak gara bakarrik” esaldia entzun dudanean. Askotan erabiltzen da argi uzteko ez dagoela bikote harremanik bi pertsonen artean: Lagunak gara bakarrik. Eta “bakarrik” horrek atentzioa ematen dit. Izan ere, bakarrik horrekin, konturatzen ez bagara ere, balioa kentzen zaio adiskidetasunari. Eta ez dut uste esaldi honekin bakarrik gertatzen denik. Zerbaiten adierazle da. Nahiz eta adiskidetasuna gure bizitzako bizkar hezur ezinbestekoa izan, askotan ez zaio ematen duen garrantzia, eta, aldiz, bikote harremana guztiaren erdigunean jartzen da. Bikote harremanen eredu konkretu baten bueltan antolatuta baitago gizartea. Hala, bikoterik gabeko pertsona askotan osatu gabeko bezala ikusten da. Zer esan emakumeen kasuan. Bikoterik gabeko emakumea porrota dela ikasi dugu txikitatik.
Senarra hiltzen bazaizu, alarguna zara; banatzen bazara, dibortziatua… Baina adiskide batekin haserretzen bazara eta banatzen bazarete, horrentzako ez daukagu hitzik ere. Adiskidetasunari ematen zion balio eskasaren beste adierazle bat. Eta, ongi pentsatuta, bikote harreman batean ere lagun izateak duen garrantzia azpimarratzeko ez legoke gaizki noizean behin erantzutea: “Ez, ez gara bikotea bakarrik, lagunak gara”.