Espainiako Erresumako Apezpikuen Batzarreko presidenteak eta idazkari orokorrak adierazi berri dute gobernuak hauteskunde orokorrak aurreratu behar dituela. Irakurri dudanez, eliza katoliko espainiarrak horrelako adierazpen politiko garbi eta zuzenak egiten dituen lehen aldia da, azken garaian, behintzat, eta harridura zein haserrea piztu dira orain arteko ohitura apurtu baita. Izan ere, adierazpenok eskuin eta eskuin mutur espainiarren asmoekin bat datoz zuzenean disimulurik gabe, hau da, alderdi zehatz bat (bi) aukeratu dute. Azken egunotan, beste apezpiku batzuk atera dira plazara esateko presidentearen esanak ez duela apezpiku guztien iritzia jasotzen, eta eliza katolikoak ez duela zertan sartu behar alderdien politikan. Gaitz erdi.
Apezpikuen presidenteak hauteskundeak eskatzearekin batera demokraziari buruzko lezioak eman zituen, bitxia dena, ezaguna baita eliza katolikoaren funtzionamendua ez dela berez oso demokratikoa (pertsona bat/boto bat, hauteskundeak, agintaldi mugatuak eta txikikeria horiek). Ez naiz sartuko kontu horretan, erakunde bakoitzak bere arauak zehazten ditu, baina eliza katolikoak badu berak betetzen ez dituenak edonon eta edonori agintzeko joera. Eta, jakina, guztiok dugu gure iritzia plazaratzeko eskubidea, hauteskundeak aurreratu behar dituzten ala ez, baina ez da gauza bera nire arrain-saltzaileak uste duena edo apezpiku katoliko espainiarren presidenteak uste duena, ez baten iritziak bestearen iritziak baino gutxiago balio duelako, baizik eta batek erakunde handi, boteretsu eta preskriptore baten agintari nagusia delako.
Luis Argüello da presidente horren grazia, Valladolideko artzapezpikua. Aurreko egun batean telebistan ikusi nuen beste bi elizgizonekin mahai batera eserita. Ahotsik gabe nuen telebista, eta berari begira geratu nintzen. Bere buruaz oso seguru, elizgizon askok dituzten maneren jabe, harrotasun puntu batekin, ez, puntu batekin ez, zenbait punturekin, hainbat punturekin. Zuzenbidea ikasi zuela irakurri dut. Laster, esan zuena ez zuela esan nahi esango du irribarretsu, mundua goitik begiratzen duen bitartean.