Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Haziera eta heziera

Ume-umetatik hasten gara haziak eta heziak izaten. Etxekoek hazten eta hezten gaituzte. Gure haziera eta heziera bakarrak dira etxetik irten arte. Ordu arte, gure haziera eta heziera onenak dira, besterik ezagutzen ez dugu-eta. Haziera eta heziera horien neurgailua geure burua da. Eta horrelaxe goaz denboraren poderioz. Bat-batean, etxetik irten eta konturatzen gara badirela beste haziera- eta heziera-modu batzuk, bestelakoak direnak. Eta hortxe hasten gara erkatzen, alderatzen.

Antzina entzun nion jakintsu bati kultura etxetik irtendakoan ikasitako guztia ahaztuta geratzen dena dela. Jakina, baina etxe guztiak ez dira berdinak. Norberaren etxekoen balioek eta beste etxe batekoek ez dute zertan berak izan. Orduan, hor, guk erabaki behar dugu zein den hobea: guk etxetik dakarguna ala kanpoan ikasitakoa. Nor bagara, pertsona egiten gaituzten haziera eta heziera sendotu, indartu behar ditugu. Hala ere, guztiok ez dugu berdin jokatzen. Eta hortxe ageri dira lotsagalduak.

Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluaren 2. apartatuak dioenez, Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz. Eta artikulu bereko 3. apartatuak, berriz, badio ezen Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultura-ondarea dela, eta ondare horrek errespetu eta babes berezia izango duela. Madrilgo Erkidegoko lehendakari andrazkoak haziera- eta heziera-lege guztiak hautsi ditu Imanol Pradales lehendakariak euskaraz egineran aretotik irten zenean.

Areago, Madrilgo Erkidegoko ordezkari nagusiak oinkatu, zapaldu, aurizki du berak eta bere alderdiak behin eta berriro aldarrikatzen duten konstituzio hori ere. Eurek behin eta berriro goraipatzen duten konstituzio horretan (benetan irakurri ote dute behin testu hori?) euskara Espainiako hizkuntza da eta babes eta errespetu bereziak merezi ditu. Eta hortxe ageri dira lotsagaldu gezurti eta zakarrak. Eta hortxe ageri dira lotsagabe sustraigabeak.