Atzo eta herenegun euskara baino gehiago entzuten zen ingelesa Bilbon. Lerro hauek irakurtzen direnerako Tottenham eta Manchesterreko milaka zaleak etxerako bidean izango dira, zorionez. Bart, San Mamesen jokatu zen Europa Ligako finala eta batzuen negarrak eta bestetsuen pozak ere hemendik urrun izango dira seguruenik.
Aurreko egunetan, Bilboko hainbat kaletan sobera jende futitu, atrebitu eta mozolo hordituen masifikazioa bizi izan dugu handik eta hemendik ibili garenok. Eta hala da, niri futbola bost, eta are gehiago kanpotik etorri diren milaka ingeles horiek ere, dozena litro zerbeza edanik edozer egiteko gaitasunez beterik daudela sentitzen dutelarik.
Bilboko futbol-giroko puntu garrantzitsuenetako batean semaforoak izan ziren olgetarako elementu dibertigarriak, eta haien gainean igota, apurtu egin zituzten batzuk, barre algaren artean. Donostiatik ere antzeko irudiak heldu dira. Hantxe, kalean bertan izan ziren bi taldeen jarraitzaileen arteko istiluak. Aulkiak airean, basoak bota, zaplaztekoa zuri, horri, haiei,….
Hots, hasieran talde baten eta bestearen aldeko kanta espiritualak ziren, baina gero alkoholemia tasa ederki gaindituta, eta barruko trol nortasuna askatuta, bestelako panorama sortu zen, eta horrek, masa baten babes eta indarraldiarekin lagunduta baldin badago, ez du mugarik. Antza denez, Ertzaintza bertakotu egin zen oso beroturik zeuden animoak baretzen laguntzeko, eta gau aldera, okasiorako harrapaturiko mozkorrarekin alde egin zuten zale guztiek.
Bilbo hiria munduko kirol-panoraman kokatzeko ahaleginean ari dira mandatariak. 2024ko Emakumezkoen Champions League ekimenaren finala Bilbon jokatu zen. 2023an Frantziako Tourreko Grand Départ ekitaldia ere gure hirian antolatu zen. Ingelesez beteriko egun hauetan, eta estreinako aldiz, UEFAren final bat San Mamesen. Eta datorren urtean, errugbiko finalak izango dira berriz.
Ekitaldi horiek guztiak estrategikoak omen dira turismoa erakartzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko. Diru dezente. Bada, guztion, guztion, eta guztion onurarako baldin badira,….