Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Ironiaren gailurra

Ez dira berdinak ematea eta hartzea. Ez dira berdinak jotzea eta joa izatea. Ez dira berdinak agintzea eta agindua izatea. Ez dira berdinak, eta ez dira berak. Errioxako Donemiliaga Kukulan, maiatzaren 12tik 16ra bitartean, “Hizkuntza erromantzeak eta dinosauroak. Iraultza zientzian” izeneko Kongresu Pala-dinoa ospatu da. Errioxako Gobernuaren eta Unibertsitatearen asmoa argia izan da: gaztelaniak eta gainerako hizkuntza erromantzeek zientzia-literaturan izan duten lekuaren galtzea agerian jartzea.

Hara bildu ziren gaztelaniaz, portugesez, italieraz, frantsesez, errumanieraz… eta beste hizkuntza erromantzeetan idazten duten paleontologoak, hizkuntza erromantze horiek zientzia-literaturan galdu duten lekua berreskuratzeko. Jakina, leku hori ingelesak bereganatu du neurri handi batean, hizkuntza hori azken gizaldietan “lingua franca” bihurtu denez gero. Zenbatetan entzun diegu unibertsitateetako jendeei esaten ingelesa dela ikerketa-hizkuntza? Zein da arazoa, horrenbesterekin?

Nik, euskaldun gisa, ezein estatutako hizkuntza ofiziala ez den hizkuntza baten mintzatzaile gisa, beti izan dut sentiberatasun berezia hizkuntzen arteko orekari buruz. Horregatik, negargarria izango ez balitz, barregura sortuko litzaidake: nazioarteko foro estataletan erabili ezin diren hizkuntzen alde egin dute? Euren hizkuntzak galarazita dituzten eledunen fabore egin dute? Ez, bada. Paleontologian, hau da, zientziaren arloetako atal batean, hizkuntza erromantzeez idaztearen alde egin dute.

Ironiaren ironia. Kongresu hartako unibertsitate-doktore batek bereizketa hau egin du: “lingua franca”, hizkuntza nagusiak, zientziarako hizkuntza eta kulturarako hizkuntza. Eta hori italiar batek italieraz defendatu du. Italiar horrek Italiako europarlamentariei eskatu die euskara eta beste hizkuntza batzuk ofizialak eginaraz ditzaten Europako Parlamentuan? Ala euren negoziotxoaren alde egin du? Irudika dezakezue hori euskaldun irakasleek aldarrikatu balute? Ketoak!!!