Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Requiescat in pace

Goian bego, aita santu Frantzisko! Jesusen irakaspenak zabaldu ditu lau haizeetara Aulki Santurako aukeratu zutenetik. Erabateko kristaua izan dugu. Goresmenak aita santu Frantziskori! Goresmenak, kristauon alde eta kristau ez direnen alde egin duenagatik. Goresmenak, gizaki guztioi eskuratu digun itxaropenagatik. Bai, itxaropena eman digu aizaroan bizi garen hilkorrontzat. Jesus, munduko argia dena, ipini digu aita santu argentinarrak mundutarron begi- eta arima-argigarri. 

Gaitza da gero kristaua izatea, gaitz-gaitza. San Mateoren ebanjelioko 5,1-7,29ko mendiko hitzaldia berpizten izan du aita santuak egunean-egunean mundu osoko katolikoon artzain gisa jarduten hasi zenetik. Ez da bidegabekerien aurrean isildu. Ez du kaka alfonbrapean ezkutatu. Bihozbera agertu da Eliza katolikoaren barruan euren burua patxadaz egokitzeko arazoak dituztenekin. Zigorra barik, ulerbidea lantzen izan du hil arte.

Mendiko hitzaldian legez, bihotzez behartsu direnak babestu ditu, negarrez daudenak kontsolatu ditu, bihotz gozokoak goraldu ditu, Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak ase ditu, errukitsu direnez errukitu da, bihotz-garbiak zaindu ditu, bakegileak Jaungoikoaren seme-alabatzat hartu ditu, Jainkoaren nahia betetzeagatik erasoa jasan dutenei urgatzi die, Jaungoikoarengatik madarikatu dituztenak, jazarraldiak pairatu dituztenak eta gezurrez gaizki-esaka erabiliak izan direnak aterpetu ditu.

Atzo, apirilak 26, hileta-elizkizunak egin zizkioten. Egun berean, Euskal Herrian Gernikako bonbardatzea gomutarazi genuen; mendiko hitzaldiaren xedearen aurkako egitate negargarriak gomutarazi behar ditugu, eta, aldi berean, itxaropena gorde, mundu hobea egingo badugu. Betiere, kristauok ezin dugu ahaztu, munduarentzat gatza garelako, ezin garela gezatu; izan ere, gatza gezatzen bada, ez du ezertarako balio. Horregatik, itxaropena izango badugu, ezin ditugu ahaztu gizateriaren aurkako krimenak, aita santu Frantziskoren eredu eta bidetik jarraituz.